Giro polita eta jende mordoxka Erreka egunean

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 4a

Afal ondoan Noelia Ariztiari omenaldia egin zitzaion

Kirol gehienetan denboraldiak bukatu direla eta, urtero egiten duen bezala, Erreka Elkarteak bere eguna ospatu zuen joan den larunbatean. Goizean mendi irteera egin zuten, arratsaldean lagunarteko partidak jokatu zituzten. eta denak batera afaldu ondotik, 23 urte azpikoen Espainiako Txapelketan txapeldun ordea gelditu den Noelia Ariztia judokari omenaldia eskaini zioten.

Goizean eguraldia lagun ez bazuten izan ere, kuadrila eder bat animatu zen antolatuta zegoen mendi irteeran parte hartzeko. Doneztebetik abiatuta, Legasa, Gaztelu, Donamaria, Oitz eta Elgorriagan barna ibili ziren herrira itzuli baino lehen. Arratsalderako elkarteko talde ezberdinen lagunarteko partidak antolatu zituzten. Hasteko eskubaloiko nesken taldea aritu zen, eta bukatu bezain laster areto futboleko Titi ostatuko lehengo taldea gaur egungoaren aurka. Partida osoan zaharrak nagusi izan baziren ere, gazteek 4 eta 3 irabazi zuten azken momentuan gola sartu eta. Ondotik berriz ere eskuabaloiara pasatuz Doneztebeko helduen taldea TID San Antonio Portaland bigarren taldearen aurka aritu zen. Etxekoak ongi aritu baziren ere ezin izan zuten deus egin iruñarren aurka. Azpimarratu behar da talde horretan gure eskualdeko ordezkaritza zabala dutela Niko Mindegia, Ibai Meoki, Iñigo Mangado doneztebearrak eta Indabere legasarra bertan aritzen baitira.

Kirola alde batera utziz, ilunabarrean 200 bat lagun bildu ziren Santa Luzia plazan denak batera afaltzeko. Bukatu eta berehala, Espainiako 23 urte azpikoen judo txapelketam zilarrezko domina irabazi duen Noelia Ariztiari omenaldia egin zitzaion. Izan duen ibilbidea laburbiltzen duen bideoa ikusi eta, oroigarri bat eman zitzaion elkartearen izenean. Gaua bukatzeko, Zenzerock eta Jalisko Band taldeek kontzertua eskaini zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun