Urtero bezala, Trinitate Eguna ospatuko dute datorren igandean Mendaurren. Ohiturak dioen bezala, Trinitate sainduaren ohoretan eskualdeko ehunka fededun eta mendizale Mendaur kaskoan dagoen ermitara igoko dira.
Mila metro desnibela inguru duen ibilbidea egiteko leku ezberdinetatik abiatzen ahal da, Aurtiztik, Iturendik, Arantzatik, Doneztebetik, Elgorriagatik edo Sunbillatik. Urtero bezala, pentsa daiteke urrunago dauden bertze herri batzuetatik ere jendea hurbilduko dela, adibidez Goizueta eta Zubietatik. Fedearen helburuarekin igoko direnentzat goizean mezak emanen dira, eta ondotik nahi dutenek urtegiaren inguruan bilduko dira bertan bazkaltzeko.
Egun horretan, aurtiztarrek eta iturendarrek ohitura hala dute, baina aurten bazkaldu baino lehenagoko ingude altxatze desafioa antolatu dute, minutu batez zeinek altxaldi gehiago egiten dituen. Bazkalondoan ere ez da girorik faltako Kristian akordeoilaria bazterren animatzen arituko baita. Arratsean bestarekin segitu nahi dutenentzat Gaubela taldeak dantzaldia eskainiko du Iturengo plazan.