Igandean ospatuko da gasna eta artisau feria Etxalarren

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 1a

Lehiaketarako gasnak goizeko 10:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira

Heldu den igandean ez da ekitaldirik faltako Etxalarren, urtero bezala garai huntan, XV. Gasna eta artisau feria ospatuko baita. Egun guzian, herriko hainbat taldek, ikuskizunak, erakusketak eta kontzertuak eskainiko dituzte herriko pilotalekuan.

Dozenatik goitu postu jarriko dituzte frontoian Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako artisau eta esku langileek, burdina, egurra, arropa eta kristala bertzeak bertze. Denetik lantzen duten profesionalak ikusi ahal izanen dira, eta zerbait erosi nahi dutenek ere aukera ederra izanen dute.

Irudikamen gehien pizten duen ekitaldia gasna lehiaketa izaten da dudarik gabe. Aurtengoan 15. edizioa izanen du, eta gasnaren bat aurkeztu nahi dutenek 10:30ak arte izanen dute aukera. Hortik aitzinera epaimahaiak bere lanari ekinen dio. Hiru orduz gasnen dastatzen aritu ondotik, 13:30ean emaitza plazaratuko dute eta bidenabar sari banaketa eginen da.

Besta hunen erdigunea, gasna eta artisauen feria bada ere, horren inguruan hainbat jarduera antolatu dituzte Altxata Kultur Elkarteko antolatzaileek. Goizean, haurrentzako sormen tailerrak izanen dira plazan, eta eguerdiko 12:30ean, herriko trikitilariek gisa guzietako abestiz osatutako emanaldia eskainiko dute. Goizeko ekitaldiak bukatuak izanen direlarik ohitura den bezala herri bazkaria eginen da frontoian berean, eta bazkal ondoan, arratsaldeko 18:00etan, Andre Mari dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du.

Ekitaldi hauek guziak iragaiten diren bitartean, aurtengo eskulan ikastaroan egindako lanak, eta herriko emakumeek egindako eskulanen erakusketa ikusgai egonen dira Kultur Etxean. Bestalde, goiz osoan argazki zaharren bilketa eginen da, gaia erreka izanen delarik, zubiak, presak, errotak eta ur jauziak bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun