Lekarozko Iturririatarrak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 7a

TTIPI TTAPA

2007/05/28. Besta eguna da eta Basque Hotel itxita dago. Beintza-Labaiengo Migel Urroz da nagusia. Jean Pierre Etchechury, Santa Fe jatetxeko nagusiarekin egin dugu hitzordua astearterako.

Igandeko bestondoa dugu oraindik, hainbertze jenderekin egoteak hunkitu egin gaitu. Istorio aunitz dira, bizipen aunitz eta denak agertzea ezinezkoa da. Baina bitxia iruditu zaigu Lekarozko Ortiborroko anaiena. Bortz anaia joan ziren Ameriketara eta beraiek baino lehen, baita osabak ere. Paco Iturriria anaia horietako bat da. Lekaroz aldean irabazbiderik ez-eta 18 urterekin Ameriketara joan zen. Ordurako (1952) kontrabandoa pixka bat hasia zen, eta berari hasteko erran zioten. Berak, ordea, jada txartela hartua zuen. Sufritzea tokatu zaie, baita lana gogor egitea ere, baina ez dute deusen penik. Makurrena Ameriketan ez zela ez larunbat eta ezta iganderik ere, dena berdin zen, familia urrun…

Bazituen anaiak lehenago joanak, baina izugarrizko falta sumatzen zuten Baztangoa, Lekarozkoa… Urte eta erdi aritu zen artzain, eta gero, nagusiak bertze lana eman zion. Lehendabizian penaturik, baina anaia zenak erran zion gauza bat sekula ahantziko ez zaiona: “ez hadi apuretu ardiez, ahantziko zaik hoik denak 7 egunen buruko”. Gero beti izan dira kanpero: ardiek mugitzen, artzainek behar zutena eramaten… Handik 6 urteren buruan beren ardiak erosi zituzten Mendibururen semearekin konpainian, eta aurten du 48 urte negozioan ari dela. Bakersfielden bizi eta Basque Clubeko partaide dira.

Paco Iturriria Euskal bestan topatu dugu. Berak AEBko bandera zeraman klikaren aitzinean, eta bere ondoan, ikurrinarekin, Sebastian Minaberri ‘frantses euskalduna’, berak dioen moduan. Klika frantsesen kostunbrea da, besta guzietan egiten dute eta izugarri inportantea da. Musika, dantza, otordua… denak du tokia bestan. Bazkari ederra prestatzen dute klubeko arduradunek, lan xarmanta egiten dute. Frankie, bere semea, da klubeko presidentea. Iturririatarrena familia handia da eta Paco, Migel eta Fernando anaiez gain, Kathy, Frankie, Indi… ezagutu ditugu. Denak aritzen dira euskaraz, eta bihotzean Lekaroz dute.

EGITASMO HONEN BABESLEAK:

Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun