Fresnoko Basque hotelean, Fermin Urrotzekin

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 7a

Fermin Urrotz Beintza-Labaiengoa da Goizalde URDANPILLETA

2007/05/29. Fresno 450.000 biztanle ditu. Goizean taxia hartu eta Basque Hotelera joan gara. F Street-eko 1.102an dago. Adreilu gorriz egindako eraikina da eta 2 ate dauzka. Hasieran itxurak harritu egin gaitu, amerikar tipikoa baita. Barra luzea eta eserleku borobilak nonahi. Barraren gibeleko aldean, barmana dago. Sartu bezain laister euskaldun itxura hartu digu. Beintzako Fermin Urroz da. Artzain etorri zen 1966an. Gero behiak jezten aritu zen, eta baita Santa Fe hoteleko kantinero ere. Duela 32 urte hotela salgai jarri zenean erosi zuen erdibana lagun batekin erdibana. Berrikiago, orain dela 11 urte, laguna hil eta bera bakarrik gelditu da. Emaztea bigarren belaunaldiko emigranteen alaba da, portugesa.

Otordu ederra prestatu dute gaurko: mozkor salda, letxua entsalada, patata entsalada, haragi gisatua, banabarrak, behikia, bildoskia, oilaskoa, txerrikia eta izozkia. Eta dena bustitzeko, errioxako ardo beltza. Bazkariak ematen dituzte 11etatik 14etara eta afariak 16:30etik 21:00etara. Euskal Herrian jaten dela! Ameriketan ez da gutxiago egiten!

Basque hoteleko lehen solairuan logelak daude. Gaur egun ia denak hutsik, baina garai batean artzainak etortzen ziren lo egitera oporrak zituztenean. Ferminek behin eta berriz errepikatzen digu: "Ni Beintzakoa naiz, ez atzendu, eh!" Guk bazkaldu orduko jatetxea hustu da, baina gibeleko jangelan euskaldun batzuk daude xerri-zangoak jaten. Jendea mahaitik zutitu eta berriz ere barrara joaten da. Ohikoa da " picon" deitzen den edaria hartzea. Fuerte da, baina hortara ohituratuak daude. Berehala afarirako mahaiak prestatzen ari dira, eta bazkaltzeko astirik izan gabe, Ferminek bokadilo bat hartu eta lanean segitu du.

Fermin agurtu eta San Fe aldera abiatu gara. Hemen distantziak hagitz handiak dira guretzat, eta taxista mexikar bati 3.110 N Maroa Avenue-ra eramateko eskatu diogu.

EGITASMO HONEN BABESLEAK:

Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun