Bakersfieldeko Euskal Besta

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ekainaren 7a

Goizalde URDANPILLETA

2007/05/27.Bakersfieldeko besta Kern Count Basque Clubean egiten da. Hasieran, Baztandarren Biltzarraren itxura hartu nahi diogu guk, baina egia erran, bertzelakoa izan da. Eguerdiko 12:30erako bildu da jendea. Mila lagun inguru, horietatik batzuk barnean eta bertze batzuk zuhaizti batean. Iritsi eta segiduan tiketa hartu behar da, bazkaria eskuratu ahal izateko. Eskerrak Garbiñe Elizegik lagundu digun.

Telebista-kamerarekin irudiak hartzen hasi gara, eta tiketarekin bazkaria hartu dugu: bildots errea, haragia saltsan, banabarrak, letxua, gasna eta ogia. Partitzerakoan gure eskualdeko zenbait aurpegi ezagun ikusi ditugu, Migel Iturriria eta bertze. Segiduan nondik etorri garen galdetu digute. Jateko astirik gabe jendearekin solasean hasi gara. Gehienak baztandarrak dira, baina badira baita Ituren, Gaztelu eta iparraldekoak ere.

Desfilearen aitzineko aldean estatu batzuetako bandera eta ikurrinak. Horietako bat eramaten Pako Iturriria lekaroztarra. Gibeletik, klika. Nafarroan fanfarre edo txaranga erranen genuke. Gazteak, haurrak… denetarik. Amerikako Estatu Batuetako ereserkia kantatu dute bi emakumek eta arraroa irudi duen arren, gehienek eskua bihotzera eraman dute eta kantatu. Gero, Gernikako arbola ere kantatu dute. Dantzari ttikiek saio ikusgarria eskaini dute.

Haurren izen-euskaldunak entzun ditugu. Katty Iturririaren alabek Saioa, Lorea eta Mikela dira. Eta ederki dakite euskaraz, nahiz eta hirugarren belaunaldikoak izan. Adinekoek zapela dute, eta bakar batzuk baita cowboy zapela ere. Non dago euskalduna eta non amerikarra? Dena den, izugarrizko beroa egiten du. Migel Iturririak erran digun 93 grado farenheit egiten zituela atzo.
Gero pilota partida jokatu dute Errandonea-Nagorek eta Mikel-Larramendik. Rekondo oronoztarrak gidatu du ekitaldia. Bera omen da pilotariak ekartzeaz arduratzen dena. Eta aldamenean Franki Iturriria du, Euskal Etxeko presidentea. Denak giro ederrean, batzuk heibola edaten, bertzeak elkarri besarkatzen… zaila da zehaztea zenbat jenderekin egon garen, baina hunkigarria izan da. Bat baino gehiagori nigarra ere eskapatu zaio.
Azkenean dantzaldia izan da Luhartz taldearekin eta hortxe ikusi ditugu jota, porrusalda eta zortzikoa dantzatzen. Eguna goiz hasi eta berandu bukatu da, baina gure protagonistek ez dute inolako gogorik agur errateko. Astelehenean ‘Memorial day’ da, eta besta eguna denez, ez da batere presarik. Guk berriz, astelehenean Fresnoko bidea hartuko dugu.

EGITASMO HONEN BABESLEAK:

Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net
LESAKAKO UDALA
www.lesakako.net
BAZTANGO UDALA
www.baztan.es
UDALBIDE
www.udalbide.net
MARTIKO
www.martiko.com
ANTXITONEA HOTELA
www.antxitonea.com
LUR DISKOTEKA
www.lurelizondo.com
SASOI ESKABAZIOAK
MAGNA
www.magnesitasnavarras.es

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun