Asteartean hasi zen 46. Nafarroako Itzulia, eta ortziral eta larunbatean gure eskualdean izanen dugu 4. etapa Lesakan bukatuko baita, eta 5.a bertatik abiatuko.
Aurtengo edizioan tropelak 850km eginen ditu 6 etapetan banatuak. Gisa berean 18 mendate iraganen ditu batzuk gure eskualdean izanen direlarik. Ortzegunean, Iruñea eta Lesakaren arteko etapan, arratsaldeko 17:00ak aldean txirrindulariak Baztanen sartuko dira Artesiagako gaina jaitsi eta. Hortik gainbehera segituko dute Lesakaraino, N-121-A errepidean barna. Herrian sartuko dira, baina Bittiria karrikan izanen den helmugara joan baino lehen Igantzi eta 2. kategorian sailkatua den Piedadeko gainetik itzulia egin beharko dute N-121-A errepidetik berriz ere Lesakara joateko eta orduan, etapa bukatzeko 18:30ak aldean. Biharamuneko etapa, Lesaka eta El Perdon gainaren artekoa, aurtengo itzuliaren etapa nagusia izanen da tropelak 6 mendate goitu beharko baititu. Abiatzea Lesakako Herriko Etxeko aitzinetik eginen da eguerdiko 13:30ean. Doneztebeko bidean berotzeko kilometro batzuk egin ondotik eguneko lehen zailtasunari ekinen diote, Ezkurrako gaina, eta justu ondotik, bigarenari, Huitziko gaina, biak 2. kategorian sailkatuak daudelarik. Hortik aitzinera gure eskualdetik urruntzen joanen dira, eta bertze 3 mendate igaro ondotik, Zuarrarate, Etxaurri eta Girgillano etapa El Perdon gainan erabakiko da.
Tropelan gure eskualdeko ordezkari batzuk badaude, tartean Caja Ruralen aritzen den Leitzako Mikel Nieve, Lizarte taldeko Inigo Sagastibeltza Leitzarra ere, eta Garikoitz Atxa Almandoztarra, azken hau taldeko liderra delarik.
Urteak ditu hogeita sei urte baino guttiagoko zaleen mailan jokatzen den proba hau ez duela nafar batek irabazi. Azkenekoa Txente Garcia izan zen 1996an. Geroztik bertze bik lortu dute podiumera igotzea, Patxi Vilak 1999an, eta Egoi Martinezek 2001ean, hirugarren eta bigarren bukatu zutelarik hurrenez hurren. Mendiko sailkapenean beranduago ezagunak eginen ziren txirrindulari batzuk nagusitu izan dira, adibidez Roberto Heras, 1995ean eta 1997an, eta Patxi Vila 2000. urtean