Elektragailu zaharrak ordezkatuz 80 euro eskuratu daitezke Berritu Planari esker

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 29a

Iaz 8.000 lagun baino gehiagok aukera aprobetxatu zuten

Heldu den ortziralean hasiko da Nafarroako Gobernuko industria, merkataritza eta lanaren sailak bultzatzen duen 2007ko Berritu Plana edo Plan Renove delakoa. Nafarrek urria bukaera arte izanen dute haien elektragailu zaharra berri batekin ordezkatzeko eta 80 euroko dirulaguntza eskuratzeko.

Joan den urtean egin zuen bezala, Nafarroako Gobernuak Berritu Plana indarrean emanen du heldu diren 5 hilabeteetan, eta horretarako 560.000 euroko diru kopurua aurreikusi du. Lehengo hozkailua, izozkailua, garbigailua edo ontzi garbigailua A klaseko energia etiketa edo maila hobeagoa duen ekipo berri batengatik aldatuz planean parte hartzen duten saltokietan bezeroari 80 euroko dirulaguntza emanen zaio. Aurten gainera, joan den urtean ez bezala laguntza eskura emanen zaio. Horrelako ekimenekin energiaren kontsumoa murriztu nahi dute maila horretako tresneri berriak guttiago kontsumitzen baitu, eta beraz guttiago kutsatzen baitu. Joan den urtean herrialde osoan 140 saltokik parte hartu zuten, eta 8.000 elektragailu baino gehiago aldatu ziren.

Neurri horretaz gozatu ahal izateko Nafarroan erroldatua izan behar da, eta saltzaileari frogatu behar zaio nortasun agiriarekin edo errolda agiriarekin. Azpimarratu behar da ere pertsona bakoitzak etxeko tresna bat baizik ezin duela aldatu kanpaina horren barrenean. Informazio gehiago eta programan parte hartzen duten saltokien zerrenda www.navarra.es web orrian aurki daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun