Joseba Larralde beratarra 17. Bidasoako XXXV. Itzulian

Gurutze PIKABEA 2007ko maiatzaren 28a

Hutsik egin gabe, aurten ere eskualdean barna ibili ziren txirrindulariak. Argazkia TTIPI TTAPA

Aurtengo edizioa ere eskualdean barna ibili da

Maiatzaren 9etik 12ra jokatu zen 23 urtez azpikoentzako Bidasoako Itzuliaren 35. edizioa. Bidelan-Kirolgi taldeko Joseba Larralde beratarrak ere parte hartu zuen lasterketan eta 17. lekuan gelditu zen. Salvatore Mancuso italiarra izan zen garaile.

Aurten ere eskualdean barna ibili zen: bigarren etapa, erraterako, Hendaian hasitakoa, Igantzin akitu zen, ondoko herri hauetatik pasatu ondotik: Endarlatza, Bera, Lesaka, Igantziko Bentak, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Lozabiain, Saldias, Gorostieta, Orokieta, Larraintzar, Alkotz, Arraizko Bentak, Belate, Oronoz-Mugairi, Sunbilla, Igantziko Bentak eta Igantzi. Bigarren etapa hau Würth taldeko Andres Antuñak eskuratu zuen. Lehenbizikoa, berriz, itzuliko garaileak, Salvatore Nancuso italiarrak.

Hirugarren etapa ere (Hondarribia-Hondarribia) inguruan ibili zen: Hondarribia, Irun, Behobia, Bera, Sunbilla, Oronoz-Mugairi, Berreta, Ziga, Irurita, Bera, Behobia, Irun, Gaintxurizketa, Jaizkibel eta Hondarribia.Etapa hau Gorka Izagirrek (Seguros Bilbao) irabazi zuen.

Irunen hasi eta bukatu zen laugarren eta azken etapa eta Unidelta taldeko Cistiano Monguzzirentzat izan zen.

Hasiera hasieratik italiarrak nagusitu ziren itzulian. Bukaerako sailkapen nagusian, lehenbiziko eta hirugarren postuan Unidelta taldeko Mancuso eta Monguzzi italiarrak gelditu ziren, hurrenez hurren. Lehen euskalduna, berriz, Bidelan taldeko Aitor Olano gipuzkoarra izan zen; seigarren gelditu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun