Rekondo Urrezko Aizkolarien finalean, 23 urtez azpikoetan

Gurutze PIKABEA 2007ko maiatzaren 28a

Rekondo finalean izanen den eskualdeko bakarra TTIPI TTAPA

Maila nagusian, Larretxea finaletik kanpo utzi zuen Olasagastik

Jon Rekondo leitzarra igande honetan Azpeitian jokatuko den Urrezko Aizkolarien Txapelketako finalean izanen da, 23 urtez azpikoetan. Bera izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Ugaitz Mugertzaren aurka arituko da. Nagusien mailan ere jokatu zuen Rekondok baina ez zuen finalerako txartelik lortu. Gazteen mailan, finalerdietan, Atutxa II.a izan zuen aurkari herrian, eta lehen proban Atutxa II.ak irabazi arren, lau probetako denborak batuz, Rekondok 11minutu eta 28 segundutan bukatu zituen lanak. Atutxak 12 minutu eta 30 segundotan.

Egun eta toki berean jokatu zen maila nagusiko kanporaketa ere. Baina Donato Larretxeak ezin izan zuen Joxemari Olasagasti garaitu. Azken proba jokatu aitzinetik 56 segundoko aldea ateratzen zion aranztarrak, baina azkenean alde nahikoarekin irabazi zuen Olasagastik. Igeldokoak 19 minutu eta 40 segundu behar izan zituen guztira, eta Larretxeak 20 minutu eta 4 segundo.

Bertzalde, 23 urtez azpikoetan, Erasun aurtiztarra eta Xabier Mindegia labaiendarra ere finalerdietan kanporatu zituzten. Mindegiak Ugaitz Mugertzaren aurka galdu zuen. 12 minutu eta 39 segundotan bukatu zituen lanak Mugertza II.ak, eta labaiendarrak 14 minutu eta 17 segundotan. Erasunek, berriz, Atutxa II.aren aurka galdu zuen. 13 minutu eta 15 segundoko denbora egin zuen Anderrek; Aitzolek baino 2 minutu eta 13 segundo gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun