Beti Gazte C taldeko neskek irabazi dute Nafarroako 4x4 txapelketa

Gurutze PIKABEA 2007ko maiatzaren 28a

Beti Gazte C eta Berriozarko taldea, txapelketako irabazleak TTIPI TTAPA

Beti Gazteko mutilak bigarren izan dira, eta Amaiur C taldea hirugarren

Nafarroako Goma Gaineko 4x4 sokatira txapelketak txapela ekarri du eskualdera: Lesakako Beti Gazte C nesken taldearentzat izan da. Maiatzaren 19an jokatu zen Urdazubin azken saioa eta han izan ziren eskualdeko ordezkariak ere. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan pisu bakarrean lehiatu ziren. Gizonezkoak 310 kilokoetan, eta emakumezkoak 260 kilokoetan.

Emakumezkoetan Lesakara etorri zen txapela. Beti Gazte Ck 13 puntu lortu zituen hiru jardunalditako puntuak batuta, eta puntu bateko aldearekin irabazle atera zen. Lesakarren gibeletik, Burlatako neskak gelditu ziren, 12 punturekin eta ondotik Sakanako taldea, 7,5 punturekin. Aipatzekoa da, Beti Gazte B taldea hirugarren postutik hagitz hurbil ibili zela. Izan ere, Sakana eta Beti Gazte Bk 7,5 puntu eskuratu zituzten eta berdinketa hausteko bertze tirada bat egin behar izan zuten. Tirada Sakanak irabazi zuen eta ondorioz, sailkapen nagusian Sakana gelditu zen hirugarren. Bosgarren postua, berriz, Beti-Gazte Arentzat izan zen.

Gizonezkoetan, Berriozarrek jantzi zuen txapela, guztira 16,5 punturekin. Puntu bakarrera gelditu ziren lesakarrak. Amaiur C taldea hirugarren gelditu zen, 13rekin. Laugarren eta bosgarren postuetan Amaiurko bertze bi talde gelditu ziren: Amaiur B eta Amaiur A. Sailkapenean azkena, B.K.E izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun