Marc eta Françoise Pierrot argazkilariek erretiroa hartu dute berriki eta orain argazkilari berria dugu herrian: Karin. Champagne eskualdekoa da sortzez, eta azken bi urteak Pauen pasa ditu. Karinek aspalditik amesten zuen bere kondu ematea, ametsa egia bihurtu da, baina amets gaizto ere bilakatu da pixka bat. Saltokia maiatza hastapenean ireki zuen eta handik hiru egunetarat uholdeak jasan zituen dendan.
Badira 19 urte Marc eta Françoise Pierrot, «Flash» izengoitiarekin ezagunak, herrian lanean ari zirela. Erretreta hartu aitzin 1994ko munduko pilota txapelketan Gantxiki pilotalekuan atera zituzten argazkiak eskaini dizkiete Herriko Etxeko hautetsiei. Pilotazaleek ainitz preziatuko dituzten argazki horiek ondoko hilabeteetan ateak irekiko dituen pilotaren erakustokian ikusi ahal izanen dira. Bertzerik gabe, Ttipi-Ttapako erredakzioak Marc eta Françoiseri eskerrak eman nahi dizkie azken 10 urteetan aldizkari honetan agertu diren argazkiak urririk uzteagatik. Bide batez, ongi etorri eta milesker Karini, bere lanak agertuko direlakotz orain Senpereko berriekin.