Uholdeek eragindako kalteak konpontzeko 8,72 milioiko laguntza onartu du Gobernuak

ttipi-ttapa 2007ko mai. 28a, 19:10

Baztan, Beintza-Labaien, Etxalar, Eratsun, Ezkurra, Saldias, Urdazubi, Zubieta eta Zugarramurdirentzat

Maiatzaren 4an izandako uholdeek eskualdean eragin zituen kalteak konpontzeko dirulaguntza onartu du Nafarroako Gobernuak. Horren bitartez, 8,72 milioi euro banatuko dira. Horietatik, 5.136.000 euro Tokiko Administrazioari dagozkio (ondoko taulan ageri da eskualdeko herrietan zenbateko laguntza hartuko den). Zenbait alkaterentzat, ordea, dirulaguntza hori ez da nahikoa izanen sortutako kalteak %100ean finantzatzeko.

Errepide sarean sortutako kalteetarako 2.582.204 euro aurreikusi dira. Laguntza hori Mugairiko barrutiak barne hartzen dituen 15 errepidetarako izanen da, eta Arraiozko saihesbidean izandako kalteentzako.

700.000 euro nekazaritzara bideratuak izanen dira: 600.000 titulartasun publikoak dutenentzat, eta 100.000 pribatuentzat. Alor honetan, kaltetuenak Baztan, Beintza-Labaien, Etxalar, Urdazubi, Zubieta eta Zugarramurdi izan ziren.

Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Sailak, berriz, 300.000 euro banatuko ditu ibaiak eta obra hidraulikoak hobetzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun