24 orduko geldialdia egin dute Zalaingo tubo lantegiko langileek

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 28a

40 bat lagun atera ziren kalera protestan maiatzaren 23ko manifestazioan ttipi-ttapa

Zuzendaritzaren jarrera salatzeko manifestazioa egin zuten maiatzaren 23an Lesakan

Langileek eurak deituta, 24 orduko geldialdia egin zuten Zalaingo tubo enpresako langileek joan den maiatzaren 23an. Izan ere, Condesa lantegiko zuzendaritzak urtean zortzi lan egun (64 ordu) gehiago sartzea nahi du, eta langileak ez daude horrekin ados. Hitzarmenean ordu gehiago nahi ez dutelako, eta «enpresak bere nahiak inposatu ez ditzan eskatzeko» manifestazioa ere egin zuten Lesakan joan den astean.

Berrogei langile inguru bildu ziren Lesakako karriketan egindako manifestazioan, «Condesak Zalainen etorkizunari mehatxu egiten dio. Ordu gehiagorik ez» paratzen zuen pankartaren gibelean. Urte bat baino gehiago daramatza Enpresa Batzordeak zuzendaritzarekin negoziatzen. Hogeita hiru bilera ere egin omen dituzte, baina oraindik ez dute adostasunik lortu. Are gehiago, langileek salatzen dutenez, hitzarmen berrian zuzendaritzak urtean zortzi lan egun gehiago proposatzen ditu. Horren kontra egiteko, maiatzaren 17an egindako batzarrean gehiengoz erabaki zuten geldialdia egitea.

Manifestazioaren bukaeran, zuzendaritza «behin eta berriz mehatxuak egiten dabilela» adierazi zuten. Egun bateko geldialdia eginez, zuzendaritzak lantegia «hiltzori motelean jartzen dela erratea » ere «mehatxutzat» jo zuten, eta gisa berean, «bortz egun edo gehiagoko geldialdiak egitea hiltzori lasterreanjarriko genukeela erratea» ere bai. Langilegoak antolakuntzaren barnean gestioa hobetzeko eskatu zuen, oraingo 1.632 orduak mantenduz.

Egoera horren aitzinean, «langilearen etorkizuna lan baldintza duinetan oinarritu dadin, lanean tinko segituko» dutela adierazi zuten, eta «langileen ordezkaritza errespetatu ezean» bertze ekimen batzuk eginen direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun