Maiatzaren 19 eta 20an herriko joaldun, dantzari eta trikitilariak Bartzelonan egon ziren, Granollersen. Iaz ere Kataluniara bisita egina zuten, baina inauterietako desfile batera. Oraingoan bestak ziren, eta Iturengo joaldun, dantzari eta tritilariekin batera jende aunitzek parte hartu zuen desfilean: «Tambores y bombos de la adoración del huerto», Tarragonako Errayoga dantzariak, Reuseko Printzipearen dantza eta Granollerseko inauterietako demonioak.
Ibilbidea egin ondotik, herriko plazako eszenatokian talde bakoitzak bere ikuskizuna eskaini zuen. Iturengo Joaldunek buelta pare bat eman zuten eta dantzariek muxikoak, fandangoa, arin-arin, zortzikoa… dantzatu zuten. Iluntzean, afaltzeko elkartu ziren denak, eta afalondoa trikitilariek girotu zuten.