Igande honetan eginen da Trinitate Eguna

Arkaitz MINDEGIA 2007ko maiatzaren 28a

Ohitura den bezala, Mendaurko kaskotik bueltan bazkaria eginen da enbaltsearen inguruko itzaletan. TTIPI TTAPA

Bazkariaren aitzinetik, ingude-altxatze apostua eginen da

Asteburu honetan da Trinitate Eguna. Eguraldiak laguntzen baldin badu, jende aunitz hurbilduko da Mendaur kaxkoan dagoen Trinitate ermitara. Ohiturari jarraituz, batzuk meza entzuteko mugituko dira, eta guztiek, lagun artean gosaltzeko eta mendi kaskotik dagoen bistaz gozatzeko aprobetxatuko dute.

Aurtiztarrak eta iturendarrak bazkaltzera geldituko dira enbaltsearen inguruan. Aurten, ingude-altxatze apostua izanen da bazkaria baino lehen: minutu batez zeinek altxaldi gehiago eman. Bazkalondoa animatzeko Kristian akordeolaria etorriko da.

Etxerako bueltan, bestarako animoarekin daudenak Aurtitzen eginen dute lehen geldialdia tragoxka batzuk hartzeko. Arratsalde apalean dantzaldia izanen da Gaubela taldearekin Iturengo plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun