Larunbat honetan Errekaren Eguna eginen da

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 31

Kirol jarduerak, herri afaria eta musika kontzertuak izanen dira

Erreka Kirol Elkarteak antolatuta, larunbat honetan, ekainak 2, besta eguna izanen da herrian. Denboraldi bukaera ospatzeko, Errekaren Eguna eginen da, eta horren harira, ekitaldiak prestatu dituzte. Egun guztian kirol ekitaldiak izanen dira. Goizeko 8etan mendi irteera bat eginen da, «Hilerrien ibilaldia» deitua, Doneztebe, Legasa, Gaztelu, Donamaria, Oitz eta Elgorriagan barna ibili ondotik, Doneztebera itzuliko dira berriro. Hiru ordu inguruko itzulia izanen da.

Arratsaldean segida izanen du kirolak. 15:45ean Errekako nesken eskubaloi partidua jokatuko da. Ondotik, 16:30ean, mutilen txanda izanen da. 17:30ean futbito partidua jokatuko da Titi-Gazteak eta Titi Zaharrak taldeen artean. Titi Ostatuak duela urte batzuk zuen taldea —hainbatetan txapeldun izandakoa— egungo taldearen aurka arituko da. 18:30ean, berriz, senior mailako eskubaloi jokalarien txanda izanen da. Doneztebarrak TID San Antonio Portlanden bigarren taldearen kontra arituko dira. Aipatzekoa da, talde honetan hiru herritarrek jokatzen dutela: Niko Mindegia, Ibai Meoki eta Iñigo Mangado. Indabere legasarrak ere bertan ari da.

Gauean herri afaria eginen da, 21:00etatik aitzinera. Afalondoan, Noelia Ariztia herriko judokari omenaldia eginen diote, 23 urtez azpikoetan Espainiako Txapelketan azpitxapeldun gelditu baita. Ondotik, musika kontzertuak izanen dira: Doneztebeko Zenzeröck taldea lehendabizi, eta segidan, Jalisko Band taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun