Igandean gure eskualdeko 21 herritan udal hauteskundeak ospatu ziren, batzuetan aldaketak izan baziren, bertze batzuetan gauzak gutti mugitu ziren. Hauteskunde biharamunean Lesakan Beran eta zerrenda irekiak zituzten herrietan izan ezik, heldu den legealdian alkateak izanen direnen izenak ezagunak dira.
Aldaketa nagusiak Arantza, Goizueta, Leitza, Igantzi eta Urdazubin izanen dira gehiengoa aldatu baita. Arantzan, Arantza Aitzinera taldeak 4 zinegotzi lortu ditu, eta ordu arte gehiengoa zuen EAJk 3 baizik ez. Ainara Maia izanen da beraz heldu den legealdirako alkatea, eta honekin arituko diren zinegotziak, Jaime Iturria, Aitor Teiletxea eta Ainara Amoros. EAJren hiru zinegotziak Bizente Arozena, Frantzisko Jabier Taberna eta Julio Lucambio izanen dira. Goizuetan ere alkatea aldatuko dute. Aitzineko hauteskundeetan irabazi zuen Goizueta Bizirik taldeak ez zen aurkeztu aurtengoan, beraz udala EAE-ANV eta Elkartasuna taldearen artean erabaki da, lehenak 4 zinegotzi lortu ditu, eta bertzeak 3. Hortaz Miel Joxe Lekuona izanen da alkate berria, Aitor Mendezabal, Xabier Etxegia eta Fernando Goia zinegotziak izanen direlarik. Oposizioko 3 zinegotziak Jon UItzi, Daniel Oiartzabal eta Jose Ignazio Alsua izanen dira. Leitzan ere EAE-ANVek irabazi du 6 zinegotzi lortuz. EAk 3 ordezkari izanen ditu, eta UPNk bi. Jabier Zabalo izanen da beraz Leitzako alkate berria, eta honekin batera arituko diren zinegotziak, Jon Arangoa, Maria Aspiroz, Juan Maria Barriola, Pedro Canflanca eta Ainara Gastearena. EAko zinegotziak Aitor Etxarri, Luciano Olano eta Fernando Garcia izanen dira, eta UPNkoak Jose Miguel Goikoetxea eta Silvestre Zubitur. Urdazubin ere Andres Diharassarrik Santiago Villaresi utziko dio lekua Azkar taldeak 4 zinegotzi lortu baititu, eta Urtxumek 3. Alkate berriarekin arituko diren zinegotziak Juan Ignazio Arzoz, Juan Jose Suhas eta Itziar Galarregi izanen dira, eta oposizioan lehengo alkatearekin Daniel Elizalde eta Miguel Ariztia. Igantzin ere aldaketa nabarmena izan dute orain arte udalean zegoen Herri Taldea ez baita aurkeztu, eta alkatetza EA eta EAJren artean erabaki baita. Lehenak 3 zinegotzi lortu ditu eta bertzeak 4. Beraz emaitza hauen arabera alkate berria Iñaki Goienetxe izanen da eta honekin arituko diren zinegotziak, Aitor Antxordoki, Agustin Sainz eta Juan Antonio Etxebeste. EArekin oposizioko 3 zinegotziak hauexek izanen dira, Jose Luis Sein, Maria Begoña Iparragirre eta Koldo Amezketa.
Doneztebe, Sunbilla, Ituren eta Beintza-Labaienen alkate aldaketak izanen dira, baina orain arte alkatetza zuten alderdiek edo taldeek hala izaten segituko dute. Donezteben alkate berria Miguel San Miguel izanen da, eta bertze inor ez zelako aurkeztu bertze 8 zinegotziak ere EAkoak izanen dira, Avelino Mitxeo, Oskar Mindegia, Juana Mari Muñoz, Maria Gloria Agirre, Martin Arretxea, Josu Urreaga, Eduardo Oiartzabal eta Ana Maria Etxeberria. Sunbillan aldiz bi zrrenda ziren eta EAkoak 6 zinegotzi lortu zituen, eta Sunbildarrak delakoa bakarra. Alkate berria beraz, Jose Frantzisko Errandonea izanen da, eta berekin gobernatuko duten bertze 5 zinegotziak Margarita Capdegi, Jose Migel Zelaieta, Santiago Arretxea, Maria Jose Mitxelena eta Jose Vidal Ibarra. Oposizioan arituko den zinegotzi bakarra aurkako zerrenda burua izanen da, Ainhoa Etxebeste. Beintza Labaienen azkenik 2003an bezala Urradi taldeak zinegotzi guziak lortu zituen, baina alkate aldaketa izanen da oraingoan zerrenda burua Frantzisko Javier Otxandorena baita. Gainerako 6 zinegotziak, Angel Elizondo, Pedro Teiletxea, Jaime Mindegia, Mari Rosa Gracenea, Lazaro Erasun eta Jose Mari Teiletxea izanen dira. Iturenen, Beintza Labaiengo kasu bera dute. Duela 4 urte bezala, aukera bakarra izaki, EAk zazpi zinegotzi lortu zituen, baina Jose Mari Gorosterrazu zerrendan 5. dela eta, Miguel Angel Petrirena izanen da alkate berria ekainetik aitzinera Jose Iparragire, Elena Apeztegia, Frantzisko Javier Altxu, Jose Maria Gorosterrazu, Eusebio Elizalde eta Teresa Mikeo zinegotziak izanen direlarik.
Zinegotzi bat gora edo behera, aldaketarik izanen ez duten udaletxeak Baztangoa, Bertizaranakoa eta Aresokoak dira. Baztanen, oraingoan Nafarroa Bai koalizioarekin bada ere, Virginia Alemanek alkatearen karguan segituko du, eta 7 zinegotzi lortu dituztela eta, bertze 6ak, Santiago Aldako, Martin Garde, Agustin Olabe, Rakel Goñi, Remigio Lizasoain eta Ion Dufurrena izanen dira. UPNko 6 zinegotziek, Begoña Sanzberro, Eduardo Etxabarri, Leopoldo Jaen, Mari Carmen Iribarren, Isabel Vidart eta Jose Mari Garmendia, azkeneko legealdian bezala oposizioan segituko dute, baina zinegotzi bat gehiagorekin. Bertizaranan Andres Etxenikek alkate segituko du, baina hasiko den legealdian oposizio bat izanen du. Zuzentzen duen Elkar taldeak 4 zinegotzi lortu ditu, Bertizarana Baik 2 eta EAE-ANV bakarra. Orain arteko alkatearekin, Blas Mari Andresena, Julian Salaberri eta Estrella Barrenetxe arituko dira, Bertizarana Bai taldearentzat berriz Itziar Huarte eta Jose Javier Nosellas, eta EAE-ANVrentzat Joseba Indabere. Leitzaldera pasatuz, Areson, Mikel Baraibarrek zuzentzen duen Areso Eraikiz taldeak 5 zinegotzi lortu ditu, eta aurka aurkeztu zen CDNk 2. Orain arteko alkatearekin lanean arituko diren zinegotziak, Igor Arraiago, Jaione Olazabal, Migel Eraso eta Ignazio Baraibar izanen dira, eta CDNren ordezkariak Milagros Oreja eta Juana Arribillaga.
Beran, Lesakan eta zerrenda irekiak dituzten herrietan, alkateak nortzuk izanen diren ekainaren 16an erabakiko dute egun horretan kargua hartuko baitute zinegotzi berriek. Lesaka eta Berako kasuetan inork ez du gehiengo absolutua lortu, eta beraz alkatea joko politikoen arabera erabakiko da. Beran, EAE-ANVk lau zinegotzi lortu ditu, Josu Irazoki, Amaia Teiletxea, Ramon Elgorriaga eta Aitzane Artola, EAk 3, Helena Santesteban, Alfredo Goienetxe eta Josefa Otiñano, Aralarrek 2, Marisol Taberna eta Jon Abril, eta EAJk Santiago Altzuguren eta Isidora Agirre. Lesakan ere egoera antzekoa da, EAJk 5 zinegotzi lortu ditu, Juan Fermin Mitxelena, Laura Iantzi, Jose Mari Portu, Andoni Maritxalar eta Pello Apeztegia, Onin Udal taldeak 4, Deñe Abuin, Fermin Altzugarai, Tomas Maia eta Jose Mari Flores, eta EAk 2, Koldo Erkizia eta Juan Carlos Ayala. Zerrenda irekiak dituzten herrietan, hala nola Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Saldias, Urrotz eta Zugarramurdin boto gehien izan duten 5 zinegotziek haien artean hautatu beharko dute nor izanen den alkatea. Arano, Donamaria, Oitz eta Zubietan inor ez zelako aurkeztu hemendik sei hilabetetara izanen dute udal hauteskundeak berriz egiteko deialdia.