Igande honetan eginen da Gasna eta Artisau Feria Eguna

Joseba eta Nerea 2007ko maiatzaren 28a

Urtero bezala, herriko trikitilariek euren saioa eskainiko dute Gasna Feria Egunean, eguerdian. ttipi-ttapa

Urteroko ohiturari segituz, ekainaren lehenbiziko igandea feria eguna izanen da. Herriko plaza bazterrak jendez beteko dira eta goizean goizetik zer ikusi eta zertaz gozatu izanen da.

Dozenatik goiti postu paratuko dituzte frontoian Euskal Herriko hainbat xokotatik etorritako artisau eta eskulangileek. Burnia, egurra, arropa, kristala… denetik lantzen duten profesionalak ikusi ahal izanen dira, eta zerbait erosi nahi dutenek ere aukera ederra izanen dute.

Aurtengoa gasna lehiaketaren 15. edizioa izanen da. Lehiaketara gasna aurkeztu nahi dutenek 10:30ak arte izanen dute aukera. Epaimahaia goiz osoan arituko da gasnak baloratzen eta 13:30ean eginen da sari-banaketa. Herri-bazkaria, berriz, ordu erdi bat beranduago izanen da frontoian eta harat joateko txartelak Elutsa eta Herriko Ostatuan erosi ahal izanen dira ortzeguna, maiatzak 31, baino lehen.

Goiz osoan haurrentzako sormen-tailerrak izanen dira plazan eta herriko trikilariek urteroko saioa eskainiko dute 12:30ean. Nagore Antsalas eta Joseba Olagarai buru dituztela, gisa guztietako abestiak plazaratuko dituzte herriko trikitilari gazteek ordu bat inguruko emanaldian. Andre Mari Dantza Taldeko kideek arratsaldean hartuko diete erreleboa eta dantza-saioa eskainiko dute 6etan.

Bertzalde, herriko emakumeen eskulan-erakusketa Kultur Etxean eginen da aurten. Egun osoan ikusgai egonen dira aurtengo eskulan ikastaroan egindako lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun