Bera-Endarlatsa zatiko obrak Mariezkurrenak eginen ditu

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 28a

TTIPI TTAPA

Ekainean hasi eta 2009ko ekainean bukatzea aurreikusia dute

Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak aurkeztu du N-121A errepidean, Bera-Endarlatsa arteko zati berria egiteko proiektua. Doneztebeko Mariezkurrena enpresa arduratuko da obraz, eta 16 milioi euroren truke eginen du, hasierako prezioa baino %12,52 merkeago. Alvaro Miranda Herri Lan eta Garraio kontseilariak maiatzaren 15ean aurkeztu zuen proiektua, Bortzirietako udal ordezkarien aitzinean.

Gobernu ordezkariak adierazi zuenez, lanak hasteko eguna ekainaren 10ean sinatuko da. Hortik aitzinera, enpresak nahi duenean hasi ahal izanen du lanean. Akitu, berriz, 2009ko ekainaren 30erako egitea espero dute. Gaineratu zuenez, uda honetan Behobiatik Igantzirako bide zatietan makinak lanean hastea aurreikusi dute.

Errepide zati berriak 2,533 metro izanen ditu, eta gasolindegi parean hasiko dira. Bukatu, berriz, Endarlatsako zubia baino lehenago. Hortik aitzinerakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geldituko litzateke. Aipatu, zubia eta Endarlatsa-Behobia bide tarteei dagokiena, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean eginen direla.

Errepidea hasi eta 500 metrora, etorkizunean egitekoa den industriagunerako sarbidea eginen da. Bidasoa zeharkatzen duten bi zubi eraikiko dira, 230 eta 196 metrokoak, Endarako zentralaren parean.

Gisa berean, zubietan ez ezik gainontzekoan hiru errei izanen ditu errepide berriak, 3,5 metroko zabalerakoak, eta bazterretan 1,5 metro utziko dira. Hiru erreietatik bi Endarlatsatik Berara joateko izanen dira, bide hori malda goiti delako.

Trafikoa saihesteko neurri berezirik ez

Gobernu ordezkariak jakinarazi zuenez, lanek irauten duten bitartean ez da trafikoa saihesteko neurri berezirik hartuko, baina kamioiei N-1 eta A-15 bideak erabiltzeko aholkatuko zaie. Errepide zatia irekita edukitzen saiatuko zirela ere gaineratu zuen.
Bertzalde, Bortzirietako alkateen, Gobernuko teknikarien eta Gipuzkoako Foru Aldundikoen artean lanen segimendua eginen duen batzordea osatzeko asmoa iragarri zuten.

Ingurumen inpaktuak saiheste aldera, berriz, Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko dituela adierazi zuen Mirandak. Ingurumenaren jarraipena eginen dela erran zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun