Igantzin, joan den apirilaren 29an, azoka antolatu genuen. Lehenbiziko aldia zen, eta herriko mapa egiteko dirua biltzea zuen helburu. Azoka antolatzeko euskara batzordeak bilera batera jende gehiago deitu zuen; izan ere, lan handia zegoen egiteko, eta batzordean ibiltzen garenok ezin genuen dena gure gain hartu.
Bilera horretara dozena bat lagun bildu ginen; guztiak emakumeak, dena erran behar bada. Ideia zein zen azaldu genien, eta hasieratik laguntzeko prest agertu ziren. Lana ez zen makala: bakoitzak hainbertze etxe hartu zituen, horietara joan eta merkatuaren ideia azaltzeko. Gero berriz etxe horietara joan behar izan zuten, puskak biltzera. Merkatuaren bezperan bildutako puska guztiak antolatzen (sailkatzen, prezioa paratzen...) aritu ziren, eta egun berean baita saltzen ere. Emakume talde horri gure esker ona adierazi nahi diogu, haiek gabe ezin izanen baikenuen hura antolatu.
Gainera, puskak eman zituzten guztiei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Ez dugu ahantzi behar merkatua herritarrek emandako gauzekin egin genuela. Hau da, herritarrek eman, eta guk saldu. Jendeak borondate ona erakutsi du, eta hori beti da eskertzekoa.
Azkenik, ezin utzi eskertu gabe egun horretan merkatura etorri eta hainbertze puska erosi zituzten guztiak. Egia erran behar badugu, inondik ere ez genuen espero hainbertze jende etortzea, eta hainbertze puska saltzea.
Batzuen lanari esker eta bertze aunitzen borondateari esker egun horretan 1.400 euro garbi-garbiak ateratzea lortu genuen. Ez dugu mapa egiteko behar genuen diru guztia bildu, baina proiektuari bulkada ederra emateko adina bai. Urte akabilan mapa prest izanen da, eta etxe guzietara ale bat bidaliko dugu. Eskerrik asko denoi.
Igantziko Euskara Batzordea