Berako saihesbidearen aitzineko lotunean moldaketak eginen dituzte

ttipi-ttapa 2007ko mai. 25a, 16:35

Soinu bandak paratuz eta seinalapena hobetuz arriskua murriztu nahi dute

Nafarroako Errepideen Sarearen zati arriskutsuen kentzeko edo hobetzeko VII. plana aurkeztu berri du Nafarroako Herri Lan Sailak. Istripu anitz izaten dituzten 3 zati, eta arriskutsuak izan daitezken bertze 4 hobetzea edo kentzea aurreikusten du hauen artean Berako saihesbidearen ekialdeko lotunea barne delarik.

Plan horretan puntu beltz berririk ez da ikusi, baina aitzinekoetan zerrendatukoen moldatzen eta konpontzen segitzea aurreikusten da. Aitzineko planean 14 puntu beltz ikusi ziren 8 istripu anitzetakoak eta 6 arriskutsuak izan daitezkeenak. Gaur egun hauetariko 8en kasuan moldaketak dagoeneko egin dira tartean Igantziko 57. kilometroan egindakoak daudelarik. Bertze batean lanean ari dira, eta gainerako 5etan 2007 eta 2009. urteen artean garatuko den VII. planean aurreikusten dira. Horietariko bat gure eskualdeari dagokio. Aitzineko planean, Berako saihesbideko sarrerako lotunea Irungo norabidean arriskutsua izan daiteken zati bezala zerrendatu zuten, eta hori dela eta, abiaduraren mugak aldatu nahi dituzte, seinalapena hobetu baita soinu bandak paratu ere. Jakinarazi dutenez nibel ezberdinak izanen lituzkeen lotunea egitea ere aztertuko dute.

Zazpigarren plana bete ahal izateko Nafarroako Herri Lan Sailak 4,9 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun