Urtero bezala, aurtengoan ere, Lekaroz, Bera, Doneztebe, Altsasu eta Leitzako institutuetako 600 ikasle 5 herri hauetan biltzen dira musika arloan ikasturtean zehar ikasi eta landutakoa eskaintzeko asmotan. Datak honako hauek dira: -Maiatzaren 22, asteartean Lekarozko institutuko kiroldegian arratsaldeko 17:00etan. -Maiatzaren 23, asteazkenean Doneztebeko pilotalekuan arratsaldeko 17:00etan -Maiatzaren 24, osteguna Altsasuko Burunda pilotalekuan arratsaldeko 17:00etan -Maiatzaren 29, asteartean Leitzako pilotalekuan arratsaldeko 17:00etan -Maiatzaren 30, asteazkenean Berako Eztegara pilotalekuan arratsaldeko 17:00etan. Kantutegiari dagokionez, mota ezberdinetako abestiak entzun ahal izaten dira: muxikoak, euskal abestiak, rocka…eta ikasleek propio asmatutako abesti bat ere entzungai izan da. Zehazki emanaldia Epelde eta Larrañagaren “Kupela” kantuarekin hasi da, eta segidan pieza hauek jotzen dituzte, Smash Mouth-en “Shrek (All Star), Fool´s Garden-en “Lemon Tree”, Antonio Aguilarren “ Caballo prieto azabache”, Credence Clearwater Revival-en “ Have you ever seen the train”, Julieta Venegasen “Me voy”, Urtzen “ Kaixo”, Aritz Urrutiaren “ Oihanari (In Memorian), Siniestro totalen “Miña terra galega” eta Jhon Farrarren “Grease”. Asteazkenean Doneztebek hartu zituen ikasleak eta arratsaldeko 16:00etarako entsaioetan murgildurik zeuden ikasle eta irakasleak. Frontoiaren atean guraso nahiz irakasleak zeuden eguneko egitaraua partitzen. Harmailan aldiz, ikusleak: gurasoak, anai-arrebak, amatxiak, bertze kurtsoetako ikasleak… Ixiltasuna premiazkoa suertatzen da honelako ekitaldi batean, eta egia errateko, ikasleak ziren gehien errespetatzen zutenak. Ikusleak kokatuta egon zirenean, frontoi erdigunean zeuden eserlekuak bete zituzten ikasleek. Baina ez ziren geldirik egon saioak irauten zuen bitartean. Batzutan kantuan, bertzetan dantzan, txirula edo perkusioa jotzen…benetan bizia suertatu zen. Jendeak txalo zaparradekin eskertzen zuen gazteek jartzen zuten ilusio eta gogoa. Baina arratsaldeko momenturik hunkigarriena 8. kantuan iritsi zen. Pello Gorrotxategi Lekarozko institutuko irakaslea ikasleen aitzinean jarri zen eta une batzuz, isiltasun osoa lortu arte beraien aitzinean egon zen. Aritz Urrutia, Lekarozko institutuko ikasleak 4. A, B eta C geletako ikasleen izenean kantu bat konposatu du otsailaren 28an N-121-A errepideko 62. puntu kilometrikoan hil zen Oihana Altuna ingleseko irakaslearen omenez. Kanta honetan ikasleek sentimentua erakutsi zuten eta hori harmailetan ere islatzen zen. Ikasleak zuzentzen, Xabier Loitegi, Amaia Cordoba, Pello Gorrotxategi, Mirari Telletxea, Aitor Larrañaga eta Joxan Zabalo aritu ziren. Parte hartzaileek kontzertu hauek egin ahal izateko, itzalean geratzen den jende askoren laguntza eskertu nahi izan dute.