Heldu den ikasturteko egindako aurre-inskripzioen arabera 3 urteko haurren euskarazko hezkuntza publikoak gora eginen du Nafarroan. Ikastolena aldiz, iaz ez ohiko gorakada ezagutu ondotik, normaltasunera itzuliko da. Gure eskualdeari dagokionez gorabeherak berdintsuak dira.
Astelehenean bukatu ziren Nafarroako ikastetxeetan 3 urteko haurren aurre-inskripzioak egiteko epea, eta ereduen arabera lehen balantzea egin daiteke. D ereduari begira, ikastetxe publikoetan gora eginen du, eta ikastoletan behera. Hezkuntza publikoan, iaz 1234 haurrek izena eman zuten D ereduan, eta heldu den urterako berriz 1367k, 133 gehiago. Ikastoletan apuntatu zirenak 2006an 544 izan ziren, eta aurten aldiz 497, 47 guttiago. Beherakada hau ez daiteke kontuan hartu joan den urtean gorakada handia izan zelako, eta azkenean aurten normaltasunera itzultiko delako, 500 aurre-inskripzio ingurura.
Gure eskualdeari dagokionez ikastoletan izan den beherakada Nafarroa osoan izan den bezalakoa da, %8,7koa. Iaz 46 haurrek izena eman zuten ikastoletan, eta aurten berriz 42, lau guttiago. Ikastetxe publikoetan, D ereduan apuntatu diren haurren gorakada herrialde osoan baino handiago izan da. Nafarroan gorakada %10,8koa izan da, eta eskualdean %18,5ekoa. 2006an 189k izena eman zuten eta aurten berriz 224k.
D eredua eskaintzen duten bi sistema hauek kontuan hartu eta, gure eskualdean zein herrialde osoan euskarazko hezkuntzak gora egin du. Nafarroan iaz 1778 haurrek izena eman zuten D ereduan, eta aurten berriz 1864k, 86 gehiago. Gure eskualdean aldiz, 235 izan ziren eta aurten 266, 31 gehiago. Hemen gorakada herrialde osoan baino handiagoa izan da %13,2koa izan baita Nafarroan %4,8koa izan delarik.