Orain 6 urte Sunbillako Udalak terreno bat erosi zuen plaza bat eraiki ahal izateko. Sunbillan garai batean plaza eder bat bazuten, baina frontoia egin zutenean justuan zati hau erabili zuten. Aspaldiko nahia zen plaza eraikitzea eta poliki-poliki gauzatzen ari dira.
Guztira 2.000 metro karratuko azalera du terrenoak, eta lur hau ez da urbanizagarria. Udalak garai haietako 9 miloi pezeta edo gaur egungo 54.000 euro ordaindu zituen terrenoaren erosketan. Udalak deialdi publikoa egin zuen lanak esleitzeko eta soilik proposamen bat aurkeztu zen. Hortaz, osatua zegoela kontuan hartuz, SASOI exkabazioak enpresari ematea erabaki zuen kontratazio mahaiak. Mahai hau honako hauek osatzen zuten: Jose Mari Hernandorena alkateak, Margari Capdequi, Pako Errandonea, Jose Migel Zelaieta zinegotziek eta idazkariak. Lanak 241.250,47 eurotan esleitu ziren. Maiatzaren 7an hasi ziren Sasoi exkabazioko langileak lanean eta 2 hilabeteko epea dute lanak amaitzeko. Beraz, San Ferminetako akitua egotea aurreikusten da eta data horien inguruan eginen litzateke inaugurazioa. Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak egitasmoari oniritzia eman zion urtarrilaren 5ean eta ondotik, Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentura pasa zen. Han 2 hilabete luzez egon zen eta nahiz eta egun dagoen udalak bere legegintzaldian inauguratu nahi zuen, ez da hala izanen Nafarroako Gobernuaren erabakia hartzea kosta baita.
Plazan haur jokoak izanen dira mota guztietako txirristekin, eserlekuak, eremu berdea, zuhaitzak eta autobusa hartzeko markesina bat. Gainera 2 pareta jarriko dira bi aldeetara eta erreka aldekoak uholdeak ekiditeko erekigune bat izanen du. Abuztuan inauguratuko da Ramon Latasaren omenezko eskultura eta hala, plazaren alde batean kokatuko dute eta bertze aldean Sunbillako eskudoa.