Ikasturte bukaera hurbiltzen ari dela eta, Doneztebeko Agorreta Musika Eskolako ikasleek hainbat entzunaldi eskainiko dituzte heldu diren asteetan. Bidenabar irailean hasiko diren kurtsoetako izen emateko epea zabalduko dute heldu den astelehenetik aitzinera.
Ikasturte bukaerako emanaldiak joan den maiatzaren 18an hasi ziren, orduan trikitixa eta pandereta ikasten ibili direnek kontzertu eskaini baitzuten elizaren atarian. Hurrengoa, maiatzaren 30ean izanen da, heldu den astelehenean. Pianoa, klarinetea, txistua eta gitarra ikasi dutenek kontzertu eskainiko dute Kasinoan arratsaldeko 17:00etatik aitzinera. Ekainaren 1ean, akordeoi, saxo eta bateri joleen txanda izanen da. Hauen emanaldia arratsaldeko 18:30ean izanen da elizaren atarian, eta azken kontzertuan, ekainaren 15ean arratsaldeko 18:00etan leku berean eskainiko denan, musika eskolako ikasle guziek parte hartuko dute.
Heldu den ikasturteari begira izena emateko epeak heldu den astetik aitzinera hasiko dira. Ikasle zaharrek inskripzioa konfirmatzeko heldu den astelehenetik ortzegunera izanen dute baita baja eman nahi dutenek ere. Ikasle berriei dagokionez izena ondoko bi asteetan eman beharko dute, ekainaren 4tik 15era. Bi kasuetan tramiteak musika eskolan bertan eginen dira. Berandu dabiltzanentzat, epe bereizia irekiko da irailean, 17tik 21era. Agorreta Musika Eskolan ematen diren ikasgaiak hauexek dira, klarinetea, saxofoia, gitarra, klasikoa zein elektronikoa, tronpeta, txistua, pianoa, trikitixa, perkusioa, akordeoia eta pandereta.