Eskualdeko EAEk beretzat bozkatzea eskatu du legalak ala ilegalak izan

ttipi-ttapa 2007ko mai. 21a, 19:37

Haiei botoa ematea prozesuaren aldeko botoa ematea dela diote

Eskualdeko Eusko Abertzale Ekintzak Bera hautatu zuen heldu diren hauteskundeei begira ekitaldi politikoaren egiteko. Eskualde osoko jarraitzaile batzuen aitzinean, Baztan, Bertizarana, Sunbilla, Lesaka eta Berako zerrenden buruek edo bigarrenek hitza hartu zuten egoera salatzeko eta haien programetan segituko dituzten norabideak zehazteko.

Julen Mitxeltorena, baliogabetua izan den Baztango EAEko hautagaia egoera salatuz hasi zuen ekitaldia. Egiten duten egoeraren arabera Espainiako Justizia eta Gobernua dira egoera honen erantzule zuzenak.

Baztandarrak azpimarratu nahi izan zuen Ezker Abertzaleak bultzatu zuela prozesua. EAEk dioenez, EAJ eta Nafarroa Bai lagun dituela PSOEk errepresioaren bidetik jarraitzen badu haiek prozesuaren alde egiten segitzen dute eta haiei botoa ematea bake prozesuari botoa ematea da. Mitxeltorenak erran zuenez, EAEk bat egiten du Nafarroan eredua aldatu beharra dagoenaren ideiarekin baina bere ustez irtenbidea ez da Puras Sanzen ordez paratzea baizik eta herriak nahi duena errespetatzea. Hitza Iban Maia Lesakako hautagairi pasatu baino lehen botoak eskatu zituen azpimarratuz legalak edo ilegalak izan eta ere.

Iban Maiak, EAEko Lesakako zerrendaren bigarrenak, nahiz eta baliogabetuak izan ilusio handiarekin aurkeztuko direla jakinarazi zuen. Ondotik bertze herri eredu baten alde lan egiteko segituko dituzten norabideak zehaztu zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!