Larretxeak ezin izan zuen finalerako sailkatu baina Rekondok aldiz bai

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 21a

Iraupeneko proban bera baino azkarragoa izan zen Olasagastiren aurka amor eman behar izan zuen Donatok

Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatutako maila nagusiko urrezko aizkolarien lehen finalerdian Joxemari Olasagastik ezustea eman zuen Donato Larretxea menean hartuz, eta jokoan zegoen finalerako txartela berea eginez. Hogeita hiru urte azpikoen mailan Jon Rekondok irabazi zuen, baina izerdi anitz bota behar izan zuen Aitzol Atutxari nagusitzeko.

Maila nagusien lehen finalerdiak igurikamen handia piztu zuen, eta bertze behin ere aizkora zale anitz hurbildu ziren Leitzako pilotalekura. Aranztarra faboritoa bazen ere, jakina zen Olasagastik ezustea ematen ahal zuela, eta zoritxarrez gure eskualdeko ordezkariarentzat horrela gertatu zen. Donatok norgehiagoka ederki hasi zuen, eta proba labur guzietan gailendu zen iraupeneko proba hasi baino lehen aurkariari 56 segundoko aldea ateratzen ziolarik. Bazirudien aranztarra finalerako txartela ongi lotua zuela. Igeldokoak aldiz ez zuen horrela ikusi eta azken proban, minutu eta 20 segundo kendu zizkion garaipena berea eginez. Lan guzien betetzeko Joxemari Olasagastik 19 minutu eta 40 segundo behar izan zituen, eta Donato Larretxeak 20 minutu eta 4 segundo. Igeldokoak heldu den asteburua arte itxaron beharko du finalean noren aurka arituko den jakiteko, Nazabal ala Arrospide.

Hogeita hiru urte azpikoen bigarren finalerdian, Rekondo eta Atutxaren arteko lehia parekatua izan zen, baina zutik moztu beharreko 36 ontzakoa erabakigarria izan zen lan horretan leitzarrak bizkaitarrari minutu eta 7 segundoko aldea atera baitzion. Iraupeneko proban Atutxa II.a hobeki aritu zen, baina ordu arte galdutako denbora ezin izan zuen berreskuratu. Jon Rekondok 11 minutu eta 28 segundo behar izan zituen lan guzien betetzeko, eta Aitzol Atutxak 12 minutu eta 30 segundo, minutu eta 2 segundo gehiago. Maila horretan ekainaren 3an Azpeitian jokatuko den finalean, Leitzarra Ugaitz Mugertzarekin neurtuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun