Beti Gazteko taldeek lan zaila izanen dute larunbatean

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 17a

Gizonezkoen taldeak berdinketarekin nahikoa du, emakumezkoen C taldeak aldiz nahitaez irabazi behar du

Nafarroako Goma Gaineko 4X4 Soka Tira Txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia larunbat eguerdian jokatuko da Urdazubiko frontoian. Emakumezkoetan zein gizonezkotan igurikamena sortu behar luke bi txapelketetan ez baitago batere argi nork irabaziko duen.

Gizonezkoen txapelketan bi jardunaldi jokatu eta gero, badirudi garaipena Beti Gazte eta Berriozarko taldeen artean jokatuko dela. Sailkapen orokorrean lesakarrak 11 puntu dituzte eta Berriozarkoak puntu erdi batez aitzinatzen dituzte, baina azken jardunaldian azken hauek nagusitu ziren tiraldi guziak irabaziz. Txapela jantzi nahi badute Urdazubin gauza bera egin beharko dute Beti Gaztekoek berdinketarekin nahikoa dutelarik.

Emakumezkoen txapelketan ere garaipenerako bi hautagai nagusi daude, Burlata eta Beti Gazte C, biak 9 punturekin. Bi jardunaldietan 4,5 puntutan berdindu dute, baina hirugarren huntan batek nahitaez irabazi beharko du. Hirugarren postuari dagokionez badirudi Beti Gazte taldeko B taldeak segurtatua duela 6 punturekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun