Zortzi ordezkari izanen ditugu Nafarroako Eskolarteko Bertso Txapelketako finalean

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 17a

Alazne Untxalo iazko txapelduna izanen da aurtengo faboritoa

Nafarroako eskolarteko 14 eta 18 urte bitarteko bertso txapelketa larunbatean bukatuko da finala jokatuko baita eguerdiko 12:00etan Lesakako Matxinbeltzenean. Sailkatu diren 10 bertsolarien artean 8 Ttipi Ttapak hartzen duen eskualdekoak dira.

Nafarroa mailan, adin horretako bertsolarien hitz ordu nagusietariko bat izanen da datorren larunbatean Lesakako euskaltegian ospatuko den finala. Gure eskualdeak ordezkaritza zabala izanen du aurtengoan ere. Finalisten artean 8 hemengoak dira, Iturengo Alazne Untxalo, Egoitz eta Iker Gorosterrazu, Berako Garazi Taberna eta Patxi Kastillo, Sunbillako Maite Mendibil, Doeneztebeko Maialen Belarra eta Lesakako Ioar Tainta, txapelerako lehiatuko diren gainerako biak Antsoaingo Saioa Alkaiza eta Etxarriko Unai Artieda izanen direlarik.

Hasteko launa bertso kantatu beharko dituzte, eta ondotik lan horretan hobekien aritu diren lehen 6 bertsolariak bigarren fasera sailkatuko dira bertze bertso batzuk kantatuz haien artean garaipena jokatzeko. Bertsolari hauen artean faboritoa iazko txapelduna izanen da Alazne Untxalo hain zuzen. Azpimarratzekoa da gainera, gaztea izan eta ere, aurten nagusien mailan estreinaldia egiteko aukera izan duela.

Larunbatean nagusitzen diren lehen biak, ekainaren 23an Altsasun jokatuko den Euskal Herriko finalean aritzeko txartela eskuratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun