Nafarroako ibilbide luzeetako 4 xenda hobetuko dituzte

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 16a

Lan horren egiteko Mendiko Kirolen Federazioak 346.000 euroko dirulaguntza eskuratuko du

Nafarroako Ongi Izate, Kirol eta Gazteriaren Sailak Mendiko Kirolen Federazioaren laguntzarekin garatuko duen mendietako GR edo ibilbide luzetako xendak berreskuratzeko eta seinaleztapena hobetzeko plana plazaratu du asteazken goizean. Horietariko bik gure eskualdea zeharkatzen dute GR11k iparraldean eta GR12k hegoaldean.

Lan hauek duela aspaldi egin ziren eta urteak pasa ahala mantenamendu eskasarengatik hondatuz joan dira. Moldaketa eta garbiketa lan horiekin mendizaletasuna sustatu nahi da baita denbora berean kirolaren egitea ere. Horregatik beharrezkoa ikusten da urteetan bazter batera utziak izan diren xenda horien berreskuratzea.

Xendak balizatzeko, seinaleak paratzeko, behar diren lekuak garbitzeko eta beharrezkoa den lekuetan ibilbidea aldatzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak 346.000 dirulaguntza emanen dio Mendiko Kirolen Federazioari. Laguntza hiru urtetan banatuko da, aurten 87.000 eurokoa izanen da, heldu den urtean 119.000 eurokoa, eta 2009an 140.000 eurokoa.

Plan horren arabera momentuz Nafarroa zeharkatzen duten ibilbide luzetako 10 sendetatik 4 egokituko dira horietariko 2, GR11 edo Pirinioetako xenda, eta GR12a edo Euskal Herriko Xenda gure eskualdetik pasatzen direlarik. Lehenak 181km ditu. Irundik abiatzen da eta Bera, Etxalar eta Baztanetik pasatu ondotik Orbaitzeta eta Otsagabian barna segitzen du Izabaraino. Bertzeak berriz, GR12ak 192km ditu. Bizkaian hasten da eta Xiberuan bukatzen tartean Belaten barna iragaiten delarik. Bi kasu horietan ibilbidea aldatzea ez dute baztertu, GR12a gogorragoa bihurtzeko maila ona dutenentzat, eta GR11a lasaiago egiteko mendian hainbeste ohiturarik ez dutenentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun