Motoen soinuak eta trikitixen doinuek bat egin zuten Donezteben

ttipi-ttapa 2007ko mai. 15a, 17:19

Larunbat eta igandean ehunka moto zale bildu ziren

Joan den asteburuan Donezteben ospatu zen Basurde Biker Bestaren lehen edizioan ehunka moto zale bildu ziren duten zaletasunaz elkarrekin gozatzeko. Larunbat goizean gutti izan baziren ere, eguna pasa ahala gero eta gehiago izan ziren Malerrekako hiriburuko karriketan ikusten ahal izan ziren Harley, Customs eta moto klasikoak.

Goizeko 10:00etatik aitzinera hasi ziren ekitaldiak, eta Bear Zana pilotalekuan guttitan aditzen den soinu nahasketaz gozatu ahal izan zen, alde batetik eszenatokian aritzen zen trikitixa taldearena, eta bestaldetik moto berezi horien soinu ederra. Orduak pasa ahala Euskal Herri osotik eta Estatu Espainoletik etorritako gero eta moto zale gehiagok utzi zituzten haien harri bitxiak ikusgai, eta ikusmina zuten herritarrek alde guzietatik begiratu ahal izan zituzten. Bestalde, azoka baten moduan, motoen munduarekin zerikusia duten hainbat postu jarri zituzten tartean motoen trasteenak, piercingenak, tatuajeenak eta arropenak bertzeak bertze.

Larunbat eguerdirako antolatzaileek zikiroa prestatu zuten, baina moto zale gehienak arratsaldean ailegatu ziren Donezteberaino etortzeko bide luzea zutelako edo topaketan parte hartu baino lehen nahiago izan zutelako gure eskualdean barna ibili. Hala ere arratsalderako, eguraldi lagun zutela Basurde Biker Bestara jende gehiago apuntatu zen bai moto klasikoen zaleak baita lasterketarako moto zaleak eta edozein eratako ibilgailuetan errepideetaz gozatzen duten zaleak ere. Arratsean kontzertua izan zen Sabai Zahar, De Dos en Blues Band, Aitana Demons eta Zenzerock taldeekin eta biharamunean, igandea, gure eskualdean itzulia egin ondotik desfilea egin zuten Doneztebeko karriketan.

Basurde Biker Bestaren lehen edizio hau Batasuna Kasinoak antolatu du, udala eta Gazte Burrunba elkartearen laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun