Joan den maiatzaren 4an uholdeek eragindako kalteak konpontzeko 8,7 milioi euroko dirulaguntza aurreikusten duen foru legea onartu du Nafarroako Gobernuak asteleheneko batzarrean.
Aipatutako dirulaguntza departamentu ezberdinen bitartez banatuko da. Tokiko Administrazioa sailak 5,1 milioi euro izanen ditu udalen ardura diren azpiegituren konponketa finantzatzeko, laguntza horiek %100ekoak izanen direlarik. Herri Lan, Garraio eta Komunikabideen sailari dagokion dirulaguntza 2,6 milioikoa izanen da Nafarroako errepideen sarean izan diren kalteak lehenbailehen konpontzeko. Egindako lehen balantzearen arabera uholdeek 15 errepide kaltetu dituzte gure eskualdean. Kasu gehienetan garbiketa lanak, indartze lanak eta berritze lanak dira egin beharrak uholdeek lohia eta harriak mugitu, zola urratu eta azpiak ahuldu dituztelako. Gainerako milioia Abeltzaintza eta Nekazaritza Sailak, eta Ingurumen Sailak banatuko dituzte, lehenak 700.000 euro izanen dituelarik abeltzaintzarako azpiegiturak konpontzeko, eta bertzeak 300.000 euro ibai eta erreketan egin beharreko lanentzat.
Lehen balantzearen arabera udalei dagozkien azpiegituretan Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi dira gehien kaltetuak izan diren herriak. Baztanen kaltea 2,6 milioi eurotan neurtu dute Amaiur, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Elbete, Elizondon, Gartzain eta Iruritan, pistetan, bidetan telefono, gaseko eta argi indarreko sareetan, eta Arraiozko plazako zolan eta karriketan egin beharreko konponketak burutzeko. Urdazubin eta Zugarramurdin kalteak 1,1 milioi euro eta 900.000 eurotan neurtu dituzte hurrenez hurren, pistetan, bideetan eta herri erdigunetan egin beharreko lanak ikusi eta. Gainerako herrietan kalteak arinagoak izan dira, hala ere Etxalarren konponketak egiteko 216.000 euroko laguntza aurreikusi dute, Zubietan, 198.000 eurokoa, Beintza-Labaienen 116.000 eurokoa, Eratsunen 20.000 eurokoa, Ezkurran 16.000 eurokoa eta Saldiasen 14.000 eurokoa.