Urtero bezala milaka eta milaka euskalzale hurbildu ziren Senpereko aintzirara Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberuko ikastolen aldeko bestara. Aurtengo Herri Urratsek 23. urtea zuen, eta duela egun batzuk zalantzan egon bazen ere uholdeengatik, azkenean arazorik gabe iragan ahal izan zen.
Goizeko 10:00etatik aitzinera lehen aparkalekuak betetzen hasi ziren, eta jendetza aintzirara eta bertan antolatuak ziren ekitaldietara hubilduz joan zen. Batzuk antolatuak etorri ziren bazkaldu ondotik itzalpean egoteko kontzertuei begira. Bertze batzuk berriz besta egiteko gogoarekin. Eguna pasatzeko era ezberdinak izaten badira ere denek euskarari bultzada bat emateko asmoan bat egiten zuten. Batzuk Herri Urratsera koadrilan joaten badira bertze batzuk lagunarekin eguna pasatzera joaten dira, sagardo botila, ogitartekoa edo taloa erosi ondotik belar xoko batean jarrita egoteko. Bertze batzuk koadrilako giroa nahiago dute, eta kontzerturen bat ikusteko gogoa badute ere aitortzen dute seguraski eguna ostatuz ostatu pasako dutela. Bertze batzuk berriz nahitaez Herri Urratsen zituzten ohiturak aldatu behar izan dituzte. Lehenago koadrilarekin etortzen ziren besta egitera baina orain haurrak dituztela eta, planak aldatu behar izan dituzte, eta orain eguna lasai pasatzera heldu dira, baina dioten bezala garai bakoitxak baditu bere xarmak.
Eszenatokiz eszenatoki ibiliz bazirudien ohi baino jende guttiago bazegoela, ibilbidean aise ibiltzen ahal zen eta eskatzeko ez zen itxaron beharrik, baina antolatzaileek erran digutenez ohi bezain bat jende izan omen da aurten ere. Orduak pasa ahala aintzira normaltasunera itzultzen hasi zen euskalzaleen uholdea pasatu zen eta pixkanaka-pixkanaka jendetze etxera joan zen ikastolen alde egun polita pasatu eta.