Urrezko Aizkolarien txapelketako bi saioa jokatu dira joan den igandean Zeanurin eta Leitzan. Bietan gure eskualdeko ordezkariak izan genituen baina denentzat asteburu txarra izan zen galdu baitzuten.
Leitzako Amazabal pilotalekuan, maila nagusian Jon Rekondo Arria V. aurka aritu zen, eta irabazten zuenak finalerditarako gelditzen den txartela lortzeko jokatuko den kanporaketan aritzeko eskubidea lortzen zuen. Zoritxarrez leitzarrarentzat Arria V. bere maila hoberenera itzuli da, eta publikoa berekin izan bazuen ere, ezin izan zuen deus egin. Lehiaketaren hasiera oso orekatua izan zen. Hirugarren porba bukatzerakoan nafarra zen nagusi 3 segundoko aldearekin. Hortik aitzinera aldiz gauzak aldatu ziren, 60 ontzakoa mozterakoan adar bat atera zitzaion Rekondori eta 3 minutu eta 23 segundo behar izan zituen horren mozteko errezildarrak minutu eta 39 segundotan egin zuelarik. Alde batetik denbora galdu bazuen bestaldetik laugarren proba horretan utzi behar izan zituen indarrak nabaritu ziren ondoko probetan. Egin beharreko azken bi lanetan bertze minutu eta 40 segundoko aldea atera zion Arria V.ak. Lan guzien betetzeko Xabier Orbegozok 20 minutu eta 36 segundo behar izan zituen eta Jon Rekondok bertze 3 minutu eta 4 segundo. Leitzarra txapelketa nagusitik at gelditzen bada ere 23 urte azpikoen mailako finalerdia jokatuko du heldu den asteburuan. Bestalde Lopez, Arria V.a eta Arrospideren arteko finalerdian sartzeko baimena emanen duen kanporaketa asteazkenean jokatuko da Karrantzan.
Leitzan beti ere, 23 urte azpikoen lehen finalerdia jokatu zen, Ugaitz Mugertza eta Xabier Mindegiaren artean. Labaiendarra zen fabortioa, baina Bizkaitarrak ezustea eman zuen sasoi betean dagoela erakutsiz. Mugertza II.ak 12 minutu eta 39 segundo behar izan zituen lan guzien betetzeko, eta Xabierrek berriz 14 minutu eta 17 segundo. Gazteen mailan ere, lehen finalerdia asteburuan jokatu zen baina Zeanurin. Hor ere gure eskualdeko ordezkari bat izn ginuen, Ander Erasun. Aurtiztarrak ere ezin izan zuen deus egin bera baino azkarragoa zen Aitzol Atutxaren aurka. Nafarrak itxura polita eman zuen lan guziak 13 minutu eta 15 segundotan bukatuz, baina Bizkaitarra jaun eta jabe izan zen eta bukatzean 2 minutu eta 13 segundoko aldea atera zion. Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxak heldu den asteburuan jakinen dute nor izan dute aurrez aurre finalean.