Goizueta, Elizondo eta Doneztebeko ikasleak sarituak ‘Irudikatu Europa’ lehiaketan

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 11

Maiatzaren 9an jaso zituzten sariak lehiaketako irabazleek. TTIPI TTAPA

Idazlanen kasuan lehen hiru sariak Goizuetako Xalto eskolakoentzat izan dira

Cederna-Garalur Elkarteak antolatutako «Irudikatu Europa» lehiaketan hainbat sari eta aipamen berezi jaso dituzte eskualdeko ikasleek. Hain zuzen, GoizuetakoAndres Narbarte Xalto ikastetxe publikokoak, Doneztebeko San Migel ikastetxe publikokoak eta Elizondoko Baztan Ikastolakoak izan dira sarituak.

Marrazki eta idazlan-lehiaketa izan da eta guztira Nafarroako Mendialdeko 10 ikastetxek parte hartu dute. Maiatzaren 9an sari banaketa egin zen Iruñan.

Idazlanen kasuan, «Kontatu nolakoa den Europa» Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehiaketan, hiru lehenengo sariak Goizuetako Xalto eskolakoentzat izan ziren. Berbizne Narbarte, Julen Arotzena eta Olatz Zabalak eskuratu zituzten sari horiek. Berbiznek bi liburu eta saritutako idazlanak biltzen dituen argitalpena jaso zituen. Bigarren eta hirugarren gelditutakoek, berriz, idazlanen argitalpena. Horrez gain, Goizuetako hiru saritu hauen gelako 17 ikasleak Ttipi-Ttaparen egoitza ezagutzera etorriko dira hilaren 29an.

Aipatzekoa da, idazlanen argitalpena lehiaketako marrazkiekin jantzi zela eta horretarako hautatu ziren marrazkien artean zonaldeko batzuenak zeudela: Olatz Martin Doneztebeko San Migel eskolakoarena, eta Janire Bakero eta Garazi Loiarte Goizuetako Xalto eskolakoenak. Hauek ere beren marrazkiak biltzen dituen liburua jaso zuten.

Marrazkiei dagokienean, berriz, Lehen Hezkuntzakoei zuzenduriko «Marraztu Europa» lehiaketan, Xalto eskolako Ainhoa Zabaletak eta Baztan Ikastolako Maite Elizetxe eta Ainhoa Juanikorenak aipamen bereziak jaso zituzten.

Guztiek euren marrazkiak ageri diren egutegia jaso zuten. Lehiaketan parte hartu duten ikastetxe guztiei ere Europari loturiko hezkuntzako material sorta emanen zaie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun