Auzitegi Konstituzionalak, Auzitegi Gorenak hartutako erabakia berretsi du

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 11

Baztandarrek, sunbildarrek, aresoarrek eta lesakarrek ezingo dute EAEri bozkatu Espainiako Zuzenbideak hauteskundeetatik kanpo utzi baititu

Ortziralean hasi da heldu den udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina. Minutu batzuk lehenago Auzitegi Konstituzionalak inpugnatuta zeuden ASB eta EAEko zerrenden baliogabetzea berretsi zuen, eta horren ondorioz eskualdeko ASBko zerrenda guziak eta Baztan, Sunbilla, Lesaka eta Aresoko EAEko zerrendak heldu den maiatzaren 27ko hauteskundeetatik kanpo geldituko dira.

ASB eta EAEko 133 zerrenda baliogabetzeko Auzitegi Gorenak erabilitako argumentuak bere egin ditu Auzitegi Konstituzionalak, hala nola, lehena Batasunaren segida zela, eta bertzeetan Batasuneko kideak infiltratu zirela. Erabaki horrekin, ASBren kasuan, sinaduren bitartez 83.000 euskal herritar sustengatutako zerrendak hauteskundeetatik kanpo utzi dituzte, eta EAEren kasuan, foru hauteskundeetan alderdi hori hautatzeko aukera kendu diote Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanleriaren %85ari.

Gure eskualdeari dagokionez Euskal Herri osoan bezala ASBko zerrenda guziak baliogabetuak izan dira, eta Sunbilla, Baztan, Areso eta Lesakako zerrendei gauza bera gertatu zaie. Bera, Goizueta, Leitza eta Bertizaranan ordea, herritarrek EAE aukeratzen ahalko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun