Euskal Herriko mendi lasterketen denboraldiak eskualdean ireki zituen ateak: apirilaren 29an Beran egindako III. Mendi Maratoi Erdian. Gogorra izanagatik ere lasterkari indartsuen topaleku izan zen. Ia 400 lagunek parte hartu zuen, eta bai nesketan eta bai mutiletan, iaz lortutako errekorrak gainditu ziren.
Gizonezkoetan, Fernando Etxegarai Manttale taldeko beratarra bigarren gelditu zen, irabazlearengandik 28 segundura. Faboritoak beratarra eta Ionut Zinka gasteiztarra ziren, aitzineko bi edizioetako txapeldunak, hurrenez hurren, baina azkenean Zinkak irabazi zuen, 1:41:27ko senbora eginez. Etxegarai 1:41:55rekin helmugaratu zen, eta iazko errekorra gainditu zuen. Hirugarrena, berriz, Patxi Irazoki igantziarra izan zen, 1:46:06ko denbora egin zuen. Beteranoetan laugarren ailegatu zen Juan Mari Garinek irabazi zuen (1:46:34). Lehenbiziko hamarretan eskualdeko bertze ordezkari bat ere helmugaratu zen, hau ere Manttale taldekoa: Unai Barazabal azpilkuetarra. 10. postuan ailegatu zen baztandarra, 1:49:34ko denborarekin.
Emakumezkoetan, Alizia Olazabalek arazo haundirik gabe irabazi zuen lasterketa bigarren aldiz. Aitzineko marka hobetu zuen 2:07:05eko denbora eginez. Bigarrena Nerea Amilibia helmugaratu zen, 2:11:43rekin. Eta hirugarren postua Igantzin bizi den Kristina Arbues katalanarentzat izan zen, Manttaleko kidea hau ere. 2:16:37ko denbora behar izan zuen lasterketa akitzeko. Beteranoetan, berriz, Helena Perezek erdietsi zuen garaipena (2:37:07).
Omenaldia
Lasterketaren ondotik, omenaldia eskaini zioten Luis Mª Pikabea ‘Loro’, Xabier Zubieta ‘Zubi’ —lasterketa honen bultzaile nagusietakoak— eta Xabier Saralegiri. Manttale Mendi Lasterketa taldeak zendutakoen senitartekoei oroigarriak eman zizkieten.