Maiatzaren 4ko ekaitza eta euriteen ondorioak Saran eta Azkainen ere nabaritu ziren. Zonaldeko bertze zenbait herriren artean kaltetuenetarikoak izan ziren. Azkainen, adibidez, ehunka etxeetara sartu zen ura eta arazo haundiak izan zituzten. 30 minutuz 70 zentimetro egin zuen goiti. Etxeetan urik gabe gelditu ziren bizpahiru egunez. Eskola ere itxita egon zen ia aste batez, hilaren 10a bitarte. Sararen kasuan ere kaltea haundia izan zen. Herriko etxe eta karrikak ez ezik, ekaitzak gogor erasan zituen leizeak, eta hasiera batean, berriro irekitzea ere zalantzan paratu zen. Halere, Jean Aniotzbehere alkateak iragarritakoaren arabera, zazpi-zortzi hilabeteren buruan berriro irekitzea espero dute.