Bertze urte batez HABEk –Helduen Alfabetatzen eta Berreuskalduntzerako Erakundeak– ‘Egonaldiak familia euskaldunetan’ ekimena antolatu du, Euskal Herriko hainbat familiaren laguntzaz. Gure eskualdera ere euskara ikastera hurbiltzen da jendea, Arantza edo Zubietara aunitz, adibidez. Ekimenaren helburu nagusia inguru euskaldun batean euskara erabili eta bertako bizimodu eta kultura gertutik ezagutzeko aukera ematea da. Hala, familia euskaldun batean hilabeteko edo bi hilabeteko egonaldiak egiten dituzte.
Euskara ikasten ari den jendea hartzeko prest dauden familiek hainbat baldintza bete behar izaten dituzte: etxean guttienez hiru lagunek bizi behar dute eta egunerokoan euskaraz mintzatu. Hilabete bakoitzean lagun bakarra har daiteke. Gisa berean, biztanleriaren % 70etik goiti euskalduna duten udalerri batean bizi behar du familiak. Familientzat izena emateko epea apirilaren 20an akitu zen.
Ikasleei dagokionean, ordea, epea oraindik zabalik dago, maiatzaren 31n akituko da. Ikasleak 18 urtetik goitikoak izanen dira eta logela pribatua emanen zaio.Trukean familiak, hilabeteko egonaldi bakoitzeko, 620 euro jasoko ditu.