Kalte ikaragarriak eragin zituen aiatzaren 4ko uholdeak

Joseba eta Nerea 2007ko mai. 11a, 11:30
Ordu guti batzutan, irudi ikusgarriak erakutsi zituen gainezka egindako errekak. 1983ko uholdeekin konparatuz, oraingoa haundiagoa izan da. TTIPI TTAPA

Urritzokieta eta Antsolokueta auzoak kaltetuenak

Errepideak hondatuak, bide bazterreko paretak botata, autoak urak eramanda, behiak leporaino uretan, zerrikumeak igeri, baratzeak ur azpian, etxeetako lehen solairuak urez beteta, zubiak mugituta, zerrategia hondatuta, zuhaitzak botata, sekulako kalteak eragin zituen maiatzaren 4ko euri erauntsiak. Goizean goiz hasi zen eta ordu guttitan, Tximista erreka metro dezentez goratu zuen. Ura modu zakarrean hazi zen eta inguruan zuen guztia aitzinetik eraman zuen. «1983an izan ziren azken uholdeak herrian, baina oraingoak aunitzez ere gogorragoak izan dira, batez ere denbora guttian pasatu delako eta jendeari ez dio erreakzionatzeko denborarik eman» erran digu Patxiku Irisarri alkateak. Antsolokueta, Anduetzeta eta Urritzokieta izan ziren auzorik kaltetuenak. Orizki eta Lakain Apezborron ere izan zituzten ezbeharrak. Suhiltzaile aritu ziren goiz osoan bizilagunei laguntzen eta bazterrak txukuntzen. Kalteak oraindik ere ikusgai daude nonnahi. Aste batzuk pasatuko dira herria normaltasunera bueltatzeko.

Laguntza Gobernutik

Udal ordezkariak, inguruko bertze hainbat alkaterekin batera, Bertizen bildu ziren hilaren 7an Miguel Sanz presidentearekin eta bertze hainbat ordezkarirekin. Bilkuratik ateri zuten ondorioen artean, azpiegituretan izandako kalteen %100a Gobernutik ordainduko dela. Enpresa pribatuen kalteordainak, berriz, bertze modu batzutan ordainduko dituztela erran zieten. Bizilagunak, azkenik, argazkiak ateratzen aritu ziren aseguru etxeei kalte ordainak eskatzeko.

Lerro hauek idazterakoan oraindik ez da kalte ordainen kopuru zehatzik. Udaleko teknikoak eta arkitektua kalteak baloratzen ari dira egunotan. Hurrengo alean emanen ditugu zenbaki zehatzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun