Arcelor MittalekEuropako Enpresa Batzorde berria eratu du, langileen eta enpresako zuzendaritzako ordezkariak izanen ditu. Negoziazioen ondotik, Europar Batasuneko bederatzi estatutako ordezkariek apirilaren 19an sinatu zuten akordioa Asturiasen. Hitzarmenak orain arte bi enpresa ziren (Arcelor eta Mittal Steel) eta orain bat egin duten enpresetako akordioak ordezkatuko ditu, eta guztira Europar Batasuneko 130.000 langileren errepresentatuko ditu, tartean Lesaka eta Legasako langileak. Batzordearen ordezkari kopurua zehaztua badago ere, ordezkariak udan izendatuko dira.
Langileen aldetik, 54 ordezkari izanen ditu: 5 Alemaniak, 8 Belgikak, 5 Espainiak (UGTko 2, CCOOko 2 eta ELAko 1), 9 Frantziak, 2 Italiak, 3 Luxenburgok, 9 Poloniak, 5 Txekiar Errepublikak eta 8 Errumaniak. Ordezkari kopurua aztertzeko, bi urtetik behin bilduko dira.
Bertzalde, Batzorde Mugatu bat ere eratuko dute, Europako Enpresa Batzorde berri horren ardurak hartuko dituena, alegia. Batzorde Mugatu honek 25 ordezkari ditu: Alemaniak 2, Belgikak 4, Espainiak 3, Frantziak 4, Italiak 1, Luxenburgok 2, Poloniak 4, Txekiar Errepublikak 2 eta Errumaniak 3. Azken hau guttienez hirulabetero bilduko da.
Plan estrategikoa udazkenean
Dagoeneko enpresa Arcelor Mittal izenaz ezagutzen bada ere, legalki oraindik ez da eratua. Bateratzea udazkenean bukatuko dela uste da. Hala ere, hilaren 2an bateratzeko akordioa eta horren inguruko informazio agiriak hitzartu zituzten. Epe laburrean horren berri emanen dutela jakinarazi zuten.
Aurelio Gutierrez (ELA) Europako Enpresa Batzorde horretako kidea izanen da azken orduko okerrik ez bada, eta berak azaldu zigunez, «enpresak plan estrategikoa udazkenean aurkeztea espero da eta orduan nabarituko dira langileengan zein ondorio izanen dituen».
Halere, apirilaren 26ean Luxenburgon egindako bileran Arcelor Mittalek Nafarroan dituen Lesaka, Legasa eta Berriozarko lantegiek «modernizazioaren beharra» dutela aurreratu zuen Gonzalo Urkijo enpresako arduradunak. Gaineratu zuenez, «2006ko irabazi ekonomikoak ez ziren onak izan, eta arazoa plantillan dago, ez kostuetan». Gisa berean, hemengo lantegien inguruan azterketa orokor bat egiten ari dela argitu zuen, eta maiatzean bukatzea espero dutela. Azterketa garatu aitzinetik sindikatuei aurkezteko asmoa ere iragarri zuen, lantegien «etekin globalak» hobetzeko helburuarekin.