Dena konpondu dute Herri Urratserako

ttipi-ttapa 2007ko mai. 10a, 19:34

Sustoa pasatu eta, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberuko ikastolen aldeko besta normaltasun osoz iraganen da

Bizpahiru egunez zalantzan egon bada ere, Herri Urrats, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberuko ikastolen aldeko besta, aurreikusita zegoen bezala ospatuko da heldu den igandean, maiatzaren 13an. Ohi bezala ez da animaziorik faltako eta kontzertuen artean aipagarriena Alex Sarduiren Gatibu taldearena izanen da dudarik gabe.

Joan den ortziralean eskualdean izandako uholdeen ondotik Senpereko aintzira gainezka egin zuen eta bazterrak nabarmen kaltetuak izan ziren. Horren ondorioz 10 egun beranduago ospatzekoa zen Herri Urrats kolokan gelditu zen. Hala ere, aste huntako eguraldiak lagun zutela antolatzaileek buru-belarri lanean aritu dira bazterren garbitzen, eta astea pasa ahala egoera normaltasunera itzuli da. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberuko ikastolen besta ospatzeko 3 egun falta direla antolatzaileak azpiegitura muntatzen ikusi ditugu ia-ia deus gertatu ez balitz bezala. Hasiera batean Herri Urrats bertan behera uztea pentsatu bazuten ere, orduak pasa ahala aintzira inguruko kalteak hain larriak ez zirela ohartu ziren. Alanek erran digunez, gune bat besterik ez da lekuz aldatuko, kalte handienak izan diren sarrerako gunea. Gainerako lekuetan ondorio handirik ez dira izan, eta garbitu eta gero lehengo itxura berreskuratu dute. Aintzirako inguruan erabiltzeko moduan den bezala, Alanek erran digunez, aparkalekuetan eta errepideetan ere ez da arazorik izanen departamendukoek iganderako moldatuko zituztela hitz eman baitute. Hala ere, Herri Urratseko antolatzaileak autobusen erabiltzea gomendatzen du, batetik haientzat errazago delako eta bertzetik itzultzerakoan bisitariarentzat segurago izaten delako.

Azkenean Herri Urratsekoek ondorio gutti izan dute. Lan gehiago egin behar izan dute, baina hain makurra ez da izan. Hala ere, kalte gehiago izan dutenei elkartasuna erakutsi nahi izan diete eta horretarako bi ekimen antolatu dituzte. Pilota txapelketan aterako diren etekinak kaltetuentzat izanen dira, eta bestalde igandean ibilbidean kutxak paratuko dituzte nahi dutenek diru laguntzak eskaintzeko.

Orain arte Herri Urratseko etekinak gehienetan azpiegitura berriak eraikitzeko erabiltzen baziren aurtengoan lehen edizioko irabaziei esker eraiki zen lehen kolegio eraberritzeko erabiliko dira. Alanek erran digunez ziklo bat hesten ari dira.

Aste guziak lan egin ondotik igandean Euskararen aldeko besta izanen da Senperen, eta horretarako egitarau potoloa prestatu dute Heri Urrats elkartekoek. Gaitero, txistulari eta ohiko karrikako musikariez gain hainbat kontzertu eskainiko dira tartean aipagarrienak Gatibu, Peio eta Pantxoa, Willy’s Drumond, Zea Mays, Kerobia, Andde Duhalde eta Eraso. Dantzak ere, tarte zabal izanen du aurtengo egitarauan, larrain dantza, mutxikoak Zpeiz Mukakirekin. Besta bezperatik hasi nahi dutenek aukera izanen dute Saran Tapia eta Leturia, Entzun eta Izate arituko baitira. Bestalde larunbat arratsaldean Xiba Euskal Jokoetako Txapelketako Lapurdiko kanporaketa jokatuko da herriko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun