Heldu den asteburuan Doneztebe eskualdeko moto zaleen hiriburua bihurtuko da Batasuna Kasinoak antolatu duen lehen Basurde Biker Besta ospatuko baita. Larunbat eta iganderako erakusketak eta desfileak antolatu dituzte tartean bazkari eta afariak ez direlarik faltan izanen.
Udala eta Gazte Burrunba elkartearen laguntzarekin Batasuna Kasinoak antolatu duen hitz ordura 500 bat moto zale espero dira, Harley, Customs eta moto klasikoak dituztenak. Horietaz gain gomitatuak daude ere edozein ibilgailuetan errepideez gozatzen duten zaleak. Antolatzailea den elkartearen presidente berria Karmelo Rekarte izan da bestaren bultzatzaile nagusienetariko bat, eta bi egunetan berekin lan eginen dute 90 bat laguntzaile.
Bestan parte hartu nahi dutenek larunbatean izena eman beharko dute goizeko 10:00etatik aitzinera. Berrogeita hamar euroren truke larunbat eguerdian eginen den zikiroan, afarian, biharamuneko gosarian eta bazkarian egoten ahalko dira, eta nahi dutenentzat kanpina eta lokalak prestatu edo gelditu dituzte lo egin ahal izateko. Topaketaren inguruan moto berezi horien munduarekin lotuak diren hainbat erakusketa eta postu egonen dira, hala nola, motoen trasteenak, piercingenak, tatuajeenak eta arropenak bertzeak bertze. Zaletasun hori maiz rock musika munduarekin lotzen delako kontzertuak ez dira faltako. Larunbat arratsean lau talde arituko dira, Sabai Zahar, De Dos en Blues Band, Aitana Demons eta Zenzerock. Hala ere, asteburuko protagonista nagusiak motoak izanen dira, eta zaleek zein publiko zabalak haien ikusteko aukera izateko larunbat goizean Bear Zana pilotalekuan aparkatuko dira, eta arratsaldean berriz eskoletako pilotalekuan. Igandean eskualdeko errepideetan ibili ondotik berriz ere Doneztebera itzuliko dira bertan desfilea egiteko.