Bihar ospatuko dituzte udaberriko feriak Donezteben

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 10a

Aurten lehen aldikoz latxa arrazako aharien txapelketa antolatu dute

Eskualdeko udaberriko azken feriak ortziralean ospatuko dira Doneztebeko karriketan. Bere garaian garrantzitsua izaten zen hitz-orduaren berpiztu nahian Malerrekako artzainei zuzendua den lehen ahari lehiaketa antolatu dute.

Aurten maiatzaren 11n ospatuko dira Doneztebeko udaberriko feriak. Gainerako udaberriko feriek bezala lehen bezain jendetsuak ez dira izaten baina egunak luzatzen eta edertzen ari direla xarma berezia izaten dute. Udazkenekoetan baino azienda eta postu gutti izaten dira baina malerrekarrentzat hitz ordu nagusi bat izaten segitzen du. Urtero bezala, eskualdeko tratanteek aziendak salgai paratuko dituzte Matxiketako merkatuan, eta herriko karriketan hainbat eratako saltzaileek postuak jarriko.

Aurten lehen aldikoz antolatzen den lehiaketa Malerrekako latxa arrazako ahariei irekia izanen da. Artzain bakoitzak nahi bezain bat buru aurkezten ahalko ditu goizeko 11tarako merkatuko plazan egon beharko dutelarik. Sariei dagokionez irabazlearen jabeak 120 euro eskuratuko ditu eta bigarrenarena eta hirugarrena jabeek 70 eta 50 euro. Horretaz gain ahariak aurkeztegatik artzain bakoitzak 30 euro eskuratuko ditu buru bakoitzeko. Epaimahaia Doneztebeko alkate, teknikari, albaitero eta nekazariz osatua izanen da, eta haien erabakia eguerdiko 13:30ean jakinaraziko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun