Hainbat eragile instituzional eta sozialekin egon ondotik duela gutti bukatu den Nafarroako Bizikletaren Plan Zuzentzailea aurkeztu du Jose Andres Burguetek Ingurumen Saileko kontseilariak. Aurreikusitakoaren arabera gure eskualdean 80 bat kilometro prestatuko dira txirrindularitzaren jardunaldirako.
Nafarroako Ingurumeneko Baliabideen Zentroaren bitartez Ingurumen Sailak eta Lurralde Antolaketarako eta Etxebizitzarako Sailak osatu duten planak txirrindularitzako soilik erabiliko diren 10 bide prestatzea aurreikusten du, guztira 750km herrialde osoan. Ekimena, mugikortasunaren alde eta energiaren aurreztearen alde egiten duen Nafarroako Lurraldeko Estrategiaren testuinguruan sartzen dute sustatzaileek. Diotenez, planak bizikletaren erabileraren garatzeari erantzuten dio baita gizartearen eskaerari ere. Proiektua Europar Batasunak finantzatzen duen Eurovelo proiektuarekin lotuta dago. Azken huntan, kontinente osoa zeharkatuko dituen 12 bide osatu nahi dira, batzuk Nafarroan barna pasatuko direlarik. Plan horren helburuetariko bat herrien arteko sare bat osatzea delako, eskualde ezberdinetako eragileekin bilerak egin dituzte haien proposamenen berri emateko eta herritarren iritziak jasotzeko.
Garaioarako, aisialdietarako eta kirolerako erabiliko direla kontuan hartuz, bilera horien ondotik ibilbide hoberenen mapa osatu da, eta Nafarroan aurreikusten diren 750 bat kilometroetan 80 bat gure eskualdetik pasatzen dira, Bidasoa Ultzama 80 bat kilometrorekin, eta Doneztebe Elizondo bertze 10 bat kilometrorekin, gehiena lehengo trenbidetik pasatzen direlarik. Txirrindulariek lehentasuna izanen badute ere, ezinbestekoa den lekuetan ibilgailuak onartuko dira. Ibilbide horien proposamenak www.crana.org web orrian ikus daitezke.