Gure eskualdean industriaren arloan EAk segituko duen politikaren berri emateko Maiorga Ramirezek, EAko presidentea Nafarroan, prentsaurrekoa eskaini zuen Malerreka eta Bortzirietako hainbat alkate, zinegotzi eta heldu den hauteskundeetako hautagaiekin Etxalarren. Berekin batera hitz egin zuten, Helena Santesban, Arantxa Zubieta, eta Koldo Erkiziak arlo horren garatzeko irtenbideak ematearen garrantzia azpimarratu zuten.
Ramirezek argi utzi zuen bat ez zetorrela eskualdean UPNk eramaten duen politikarekin. EAko presidenteak zioenez Nafarroako Gobernuak herrialdeko iparraldean turismoa besterik ez du ikusten, baina, bere ustez, hunen garrantzia baztertu ez bazuen ere, ezin du diru iturri bakarra izan. Horregatik industriari irtenbideak emateko apustua bere egiten zutela jakinarazi zuen. Nafarroako EAko kargudun gorenaren ustez, turismoan soilik oinarritzeak arriskutsua litzateke bizi kalitaterako. Hori dela eta, orain arte egin duen bezala, alderdiak industriaren garatzea ahalbideratuko lituzken azpiegituren eta lurren alde lan egiten segituko duela adierazi zuen Ramirezek.
Heldu den hauteskundeetan Etxalar Bera eta Lesakan EAko zerrenda buruak izanen diren Arantxa Zubieta, Helena Santesteban eta Koldo Erkiziak ere industriaren alde hitz egin zuten. Etxalartarrak Arrakoizko proiektua aipatu zuen udalak bere gain hartu behar zuela erranez.
Berako alkateak azpimarratu nahi izan zituen eskualdeak dituen jardunaldi horren aldeko ezaugarriak, hala nola itsasoaren eta mugaren hurbiltasuna. Ramirezek bezala turismoaren garrantzia ez zuen baztertu baina horrekin bat egiten duten azpiegiturak eta ekitaldi kulturalak garatzeko premiak aipatu nahi izan zituen ere.
Koldo Erkiziak, Lesakako alkate-gaiak, eskualdean industriak izan duen garrantzia oroitarazi zuen, eta Arceloren etorkizunari buruz kezkak agertu bazituen ere, industriarekin segitzeko apustua egiten zuela azpimarratu zuen. Bere programan agertuko diren bertze hainbat gauzen artean Luberrondoko lur industriala izanen da lehentasunetariko bat.