Bertze bi txapel Fagoagatarrentzat

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 9a

Elizondon ez ziren nagusitu baina kontuak egiterakoan Nafarroako txapelak haientzat izan ziren

Apirilaren 29an Plater Tiroketa Arrunta eta Skeet Olinpikoko Nafarroako txapelketak jokatu ziren Elizondon. Bi modalitateetan 60 bat lagun hartu zuten parte, eta gure eskualdekoak ez ziren batere gaizki ibili.

Plater tiroketako lehen kategorian ez zen txapelketarik izan ez baitago nafarrik maila horretan aritzen denik. Bigarren kategorian, txapela Adolfo Farponentzat izan zen 50 platerez gain 46 jota, bigarrena eta hirugarrena plater batera gelditu ziren, Alfonso Esparza eta Xabier Amiano izan ziren hurrenez hurren. Hirugarren kategorian txapeldunak Juan Perezek 43 plater izan zituen, bigarrenak berriz Jose Miguel Rodriguezek 42, eta hirugarrenak Pablo San Martinek bertze hainbertze. Laugarren eta azken kategorian, 45 platerekin Domingo Yoldik eskuratu zuen Nafarroako txapela, bigarrena Patxi Compadre izan zen 42 platerekin eta hirugarrena Rafa Domeño 38rekin. Beteranoetan Pablo San Martin gailendu zen 42 plater botata.

Skeet Olinpikoan emakumezkoetan zein gizonezkoetan bi txapelak Lesakara joan ziren. Txapelketa bi jardunalditan jokatu zen lehena Orbanen izan zen, eta bigarrena Elizondon. Bien emaitzak kontuan hartuta, Antonio Javier Fagoagak jantzi zuen Nafarroako txapela gizonezkoetan, eta Itsaso Fagoagak emakumezkoetan. Bigarren jardunaldian aita alabak puntuazio bera lortu zuten 41 plater botatuz. Jardunaldiko garaipena berriz, Juan Jose Aranbururentzat izan zen 48 platerekin. Heldu den asteburuan zortzi Fagoagatarrek Espainiako txapelketan hartuko dute parte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun