Nafarrek ekainaren 26a arte izanen dute errenta aitorpena egiteko

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 8a

Paraleloki euskalgintzan aritzen diren erakundeek Euskarari Zor Zaiona kanpaina abian jarri dute

Joan den maiatzaren lauaz geroztik, 2006. urteari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren Zergaren eta Ondarearen aitorpena egiteko kanpaina abian da Nafarroan, eta ekainaren 26a arte iraunen du. Paraleloki, aitzineko urteetan bezala Nafarroako euskalgintzako hainbat erakundeek osatzen duten Oinarriak euskararen aldeko ekimenak diruz laguntzeko Euskarari Zor Zaiona izeneko kanpaina martxan jarri dute.

Joan den ortziralez geroztik, eta ekainaren 26a arte Nafarrek 2006. urteko errenta aitorpena egin beharko dute. Tramiteak errazteko, 230.000 herritarrek, zergadunen erdiak, Zerga Ogasunak egin duen aitorpen proposamena jasoko dute. Bestalde, aitorpena egiteko orduak era ezberdinetan eskatzen ahalko dira, 901 505 505 telefonora deituz, www.navarra.es web orriaren bitartez, 5113 zenbakira SMS bat bidaliz edo atari mugikorraren bitartez htttp://movil.navarra.es en. Lurreko telebista digitala dutenek berriz zehazki horretarako martxan eman den katean informazio guzia jasotzen ahalko dute. Etorkinentzat ahal bezain informazio zehatza zabaltzeko gazteleraz, arabiarrez eta errusiarrez itzulitako liburuxkak argitaratu ditu.

Errenta aitorpena egin beharreko garaian azken urteetan egiten duen bezala Nafarroako euskalgintzako erakundez osatutako Oinarriak Euskarari Zor Zaiona kanpaina abian jarri du. Ikusiz, Nafarroako Gobernuak, euskarari ematen dioen garrantzia, sindikatu batzuk eta euskalgintzan ari diren hainbat elkartek errenta aitorpena egiterakoan euskalgintzaren alde egindako diru sarrera kenkari moduan gehitzea proposatzen dute. Horretan parte hartu nahi dutenek www.euskararizorzaiona.info web orrian aurkituko dituzte zehaztasun guziak eta jokabideak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun