Bidasoako itzulia gure eskualdeko errepideetan ibiliko da ortzegun eta ortziralean

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 8a

Etzi, bigarren etapa Igantzin bukatuko da

Asteazkenean hasiko da XXXV. Bidasoako Itzulia txirrindularitza proba. Lau egunez, etorkizuneko txirrindulariz osatutako tropelak 500 bat kilometro eginen ditu Bidasoako ibarra eta Gipuzkoan barna. Bigarren etapa osoa gure eskualdean jokatuko da eta helmuga Igantzin izanen da.

Zaleen mailan jokatzen den txirrindularitza proba XXXV. edizioa izanen du aurtengoan. Antolatzaileek 4 etapan erabakiko den lasterketa zaila prestatu dute txirrindulariek mendate anitz igaro beharko baitituzte. Lehen etapa Irun eta Hendaiaren artean jokatuko da Gipuzkoako errepidetan ibiliz. Bigarrena berriz, Hendaiatik abiatuko bada ere, gainerako kilometroak gure eskualdean izanen dira. Endarlatsatik sartuz, Donezteberaino joanen dira N-121-A errepidetik itzulia eginez Lesakan eta Igantzin Piedadeko gaina igotzeko. Hortik aitzinera Malerreka eta Ultzamako errepideetan ibiliko dira, eta etapako bi zailtasun nagusiei ekinen diete, bigarren kategoriako Saldias eta Gorostietako gainak. Handik berriz ere gure eskualdera etorriko dira 3. kategorian sailkatua den Belateko gaina pasatuz. Azkenean etapa Igantzin erabakiko da. Hirugarren etapako hasieran ere hemendik ibiliko dira. Hondarribitik abiatu eta, Baztanera joanen dira Zigako gaina igoz buelta emateko eta Endarlatsan barna Gipuzkoa aldera jotzeko. Hondarribian helmugaratu baino lehen Jaizkibel igoko dute txirrindulariek. Azken etapa, larunbatean, Irun eta Irunen artean jokatuko da zailtasun handiena Erlaitzeko gaina izanen delarik.

Zaleen mailan jokatzen den proba bada ere anitz dira gazteetan Bidasoako itzulia irabazi dutenak eta ondotik profesionaletara pasa direnak tartean Abraham Olano, Unai Osa, Carlos Sastre eta Koldo Gil. Joan den urtean Azysa taldeko Guillermo lanak irabazi zuen, bigarrena Seguros Bilbaon aritzen zen Beñat Intxausti izan zen, eta hirugarrena La Pomme Marseille taldeko Eugeny Sokolov.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun